Udalak partzela bat utziko dio Eusko Jaurlaritzari etxebizitza publikoak eraikitzeko
Altzaten egingo dio lur lagapena 39 etxebizitza publiko eraiki ditzan.
Altzate eremuan partzela bat utzi dio Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari etxebizitza publikoak eraiki ditzan. 39 etxebizitza dira guztira, publikoak denak. Udalerria Gune Tentsionatu izendatzeko eskaerarekin batera Neurrien Plan Espezifikoa aurkeztu zion Jaurlaritzari. Plan horretan, detektatutako desorekak zuzentzeko hainbat neurri jaso ditu udalak, baita hiru urteko epean horiek garatzeko egutegia ere.
Etxebizitza publikoa sustatzea “garrantzi handiko” gaia izanik, udalaren eta Jaurlaritzaren arteko lankidetza eskatzen duela dio Errenteriako tokiko erakundeak, “ildo horretan, aipatutako planak 39 etxebizitza publiko eraikitzeko udal lurzati bat identifikatzen du Altzaten”.
Plangintza horren arabera eta Altzateko urbanizazio lanak eta lehenengo eraikinak egiten ari direnez, Errenteriako Udalak “beharrezkotzat” jo du Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin lankidetza hitzarmena egitea. Horren harira, udal lur zati hori urbanizazio kargarik gabe lagatzea proposatu du udalak, babestutako 39 etxebizitza berri eraikitzeko.
Hainbat baldintza zehaztu ditu Errenteriako Udalak proposamen horretan. Besteak beste, Errenteria-Oreretan gutxienez bost urte jarraian erroldatuta dauden etxebizitza eskatzaileei lehentasuna ematea. Horrekin batera, eraikiko diren etxebizitza horietako lau, 65 urtetik gorako pertsonentzat izatea, “baldin eta haien etxebizitzetan irisgarritasun arazoak baldin badituzte, eta haien etxebizitza nagusia Biziguneren esku edo etxebizitzaren merkatu pribatuan bitartekaritza publikoko beste programa baten esku jartzeko baldintzarekin”.
Udalak proposamena eginda, Eusko Jaurlaritzak eman behar du orain erantzun bat bi aldeen arteko hitzarmena egin ahal izateko.