[Erreportajea] Oinarrizkoari bizkarra eman gabe
Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza egoitzetako egoerak argi gorria piztu du. Langile faltak gainkarga ekarri die beharginei, eta ezinezko bihurtu erabiltzaileei zaintza duina ematea. Protestak hasi dituzte.
Onartezina. Halakoa da Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza egoitzetako egoera, langileek eta erabiltzaileen senideek salatu dutenez. Salaketa hori, gainera, bere egin dute herriko eragileek: auzo elkarteek, Oreretako Bilgune Feministak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Duintasuna pentsiodunen elkarteak protesten bidea zein bide instituzionala zabaldu dituzte berehalako konponbidea eskatzeko.
Kezka eta egonezina nabariak dira, batez ere, langileek beraiek zein erabiltzaileen senideek erresidentzietan egunerokoan ematen diren egoeren berri zabaldu dutenean. Kezka horren isla, joan den ostiralean herri eragileek, langileek eta erabiltzaileen senideek deitutako protesta izan zen. Elkarretaratzea zuten antolatuta, baina bildu zen jendetza ikusita manifestazioa egin zuten azkenean. Oso jendetsua izan zen protesta. Eragileek argi adierazi zuten lehen urratsa baino ez dela izan ostiralekoa, eta horren ostean mobilizazio gehiago helduko direla langileen baldintzak duintzeko, eta beraz, zaintza duintzeko.
Sanmarkosene erresidentziako langile dira Nagore Zuñiga Blas, Cristina Corvos Mateo eta Feli Velazquez Hernandez, eta Jesusen Bihotza egoitzakoak Marian Gorjon Herrero eta Rosa Benito Rojo. Guztiak erizaintzako laguntzaileak dira. Candi Garcia Blazquez, berriz, erabiltzaileen senidea da, ama eta anaia Jesusen Bihotzan ditu. Batean zein bestean bizi den egoera «jasanezina» dela esan dute guztiek, eta ezinbestekotzat jo dute lan baldintza duinak izatea, erabiltzaileek arreta duina izan dezaten, ezinbestean lotuta baitaude biak. Bizi dutena ez dela egoera berria esan dute. «Urte asko daramagu borrokan erresidentzietako langileek salatzen lan baldintzak ez direla egokiak, eta horrenbestez, erabiltzaileek jasotzen duten arreta ere ez dela egokia. Orain langileon salaketarekin bat egin dute senideek ere», nabarmendu du Velazquezek.
Sanmarkoseneko erresidentziako egoera larriagoa dela diote. Pribatua da erresidentzia hori, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak plazen %95 kontzertatu ditu, eta Gureak taldeak kudeatzen du. Jesusen Bihotza egoitza, berriz, aldundiak kudeatzen du, Kabia barruan dago. Bietan arazoa komuna da, langile falta: «Hori konponduta gaur-gaurkoz ditugun arazoetako gehienak konponduko lirateke, denak ez badira ere». Argi esan du, Zuñigak, eta bat egin dute gainontzekoek ere.
Horri, sartzen diren langile berrien prestaketari erreparatu beharra jarri du erdian Garciak. Haren ustez, kasu asko-askotan ez da nahikoa duten prestaketa mendekotasuna duten pertsonekin lan egiteko, eta zorrotzago begiratu beharko litzaiokeela alderdi horri uste du: «Nire amarekin gertatu zait. Nola liteke jertsea alkandoraren azpitik janztea? Hain oinarrizkoa den zerbaitekin interes nahikoa ez bada jartzen, imajina dezakezu bestelako lanekin zer gerta daitekeen. Menpekotasuna duten pertsonekin lanerako prestaketa egokia duen jendea behar da».
Bat egin dute senidearen kezkarekin langileek, eta euren lanarekiko aitortza galdegin dute, «gurea feminizatutako lana da, ez aitortua. Argi esan nahi dugu profesionalak garela, eta hori aldarrikatzen dugu».
280 erabiltzaile inguru
Sanmarkosenen 140 egoiliar dituzte eta beste hainbeste Jesusen Bihotza erresidentzian. Langileak, berriz, 150 eta 130 dira, hurrenez hurren. Aldundiak ezarritako ratioak jarri dituzte jomugan guztiek. Izan ere, baxuegiak direla diote, eta baldintza egokienetan ere, langile guztiak lanean izanik, oso zaila egiten zaiela euren lana duin eta egoki egitea, erabiltzaileek merezi duten arreta eskainita.
Sanmarkoseneren kasuan, laneko bajak ez dituzte betetzen bertako hiru langileek azaldu dutenez: «Aspaldiko erabakien eta kudeaketa desegokiaren ondorioa da hori. Urte asko daramagu arazo horrekin. Garbiketan, sukaldean edo garbitegian falta da jendea. Gureak enpresaren kudeaketa txarra da arazoa, eta horri aldundiaren ratio eskasak gehitu behar zaizkio. Ondorioa, bizi dugun egoera jasanezina».
Absentismoa aipatu du Rojok. Jesusen Bihotza egoitzaren langileen artean %30-40 artekoa omen da: «Une honetan plantillako 100 langile ariko gara lanean. Laneko bajak betetzen dira gure kasuan, baina kontua da menpekotasun handia duen jendea dugula, eta egungo langile kopuruarekin ezinezkoa dela beharrezkoa duten arreta eskaintzea».
Lan erritmo biziak
Lan erritmoak bi erresidentzietan ikaragarri biziak direla esan dute langileek, «pertsonekin ari gara lanean». Aldundiaren arabera, mendekotasun handia, dementzia eta irensteko arazoa dituen 80 urteko erabiltzaile bati ordu eta hiru ordu laurden dagozkio egunean. Galdera bota dute: «Egokia da hori? Urteak daramagu borrokan ratioak igo ditzaten; garai batetik ona jasanezina bilakatu da egoera, kaotikoa». Hori erakusteko adibide bat jarri du Velazquezek: «Joan den larunbatean 11:000etan bukatu genuen garbitzen gure solairuko azken egoiliarra, oraindik gosaldu gabe zegoen; igandean, 10:45ean bukatu genuen. Garbitzen bukatu arte ez dute gosaltzen eta aurreko egunean 20:00etan hasten gara oheratzen. Afaritik gosarira 14 ordutik gora igarotzen dira». Argi utzi dute egoiliarrik ez dela gelditzen otordurik egin gabe, garbitu gabe, edo fardela aldatu gabe, «baina lan guztia atzeratuta daramagu, ikaragarria da horrela lan egitea».
Batzuetan otorduak kartoizko plateretan zerbitzatu behar izan dizkiete egoiliarrei, garbitzaile faltarengatik. «Gureak-i ez zaio gustatu hori publiko egitea, eta orduan garbiketako langileak menajera bideratzen ditu platerak-eta garbitzera. Horren ondorioz jangela edota beste espazio batzuk garbitu gabe gelditzen dira gauean». Zuñigaren ustez, tirita bakarrarekin zauri ugari tapatzen saiatzen ari dira, «baina batetik kentzen baduzu bestean jartzeko, odola aterako da lehenengotik».
Beste adibide bat jarri du Corvok. «Jaikitzen ditugu, egongelara eramaten ditugu, eta oheratu arte gurpildun aulkian eserita eguna ematen dute erabiltzaile askok. Denbora tarte horretan aurpegira begiratzeko denbora ere ez dugu izaten. Ikaragarria da».
Jesusen Bihotza erresidentzian gosaria orduan ematen diete, baina egoiliarren garbiketa da atzeratzen dena, eta beraz, kasu askotan txiza eta kaka eginda daudela ematen diete gosaria, ohean; gosariekin bukatuta garbitu eta aldatzen dituzte. Rojok tratu txar hitzak aipatu ditu: «Zer da bada, pertsona bat 20:00etan afaldu eta hurrengo eguneko 11:00ak arte gosaria eman gabe edukitzea, hidratatu gabe hainbeste orduz, edota fardela zikina duela gosaria ematea, aldatu eta garbitu gabe? Hau mahai gainean jartzen dugunean erizaintzako laguntzaileen profesionaltasuna kolokan jartzen dute. Arazoa denborarik ez dagoela da, ez dagoela jendea nahikorik gutxieneko ezinbesteko horiek bermatzeko. Egoki artatzeko denbora ez izatea tratu txarra da, eta egungo baldintzekin ezin ditugu merezi duten moduan eta duin artatu egoiliarrak».
Senideentzat mingarria
Amorrutik hitz egin du Garciak. «Ikaragarri krudela da. Honek guztiak ondorioak ditu erabiltzaileengan, baita senideengan ere. Mingarria da jada zure ama edo senidea han izatea, eta bisitara joan eta edozein modutan aurkitzea oso-oso gogorra da, negarrez ateratzen zara askotan. Ez dago eskubiderik, pertsonak dira».
Irtenbidea argi dute guztiek: langileak behar dira. «Jesusen Bihotza egoitzan 36 erizaintzako laguntzaile behar dira gutxienez egoera hobetzeko, eta Sanmarkosenen zortzi». Horiei beste sailetako langileen beharrak batu beharko litzaizkiokeela azaldu dute.
Babestuta sentitu dira
Joan den ostiraleko manifestazio jendetsuak zer suposatu duen galdetuta «poza» aipatu dute langileek: «Urteak daramagu bakarrik borrokatzen langileok, akonpainamendurik gabe. Ostiralean babestuta sentitu ginen, ulertuta. Baldintzak hobetzeko borrokan ari gara hasieratik, eta hobekuntza pertsonal gehiago izatea da. Senideen babesa ez dugu jaso orain arte oro har, eta ostiralekoa arnasa izan da. Eskertuta gaude, ulertu gaituztelako».
Zuñigak Sanmarkosenen egiten ari diren elkarretaratzeei egin die aipamena. Asteazken goizetan protesta egiten dute egoitzaren kanpoan, eta joan den astekoa berezia izan zen harentzat, «senide guztiak igo ziren Sanmarkosenera, eta hunkitu ere egin nintzen». Velazquezek gaineratu du hobekuntza langileentzat dela, baina baita erabiltzaileentzat ere, «biak elkarri lotuta doaz, eta erabiltzaileek eta senideek dute indarra eragiteko, langileok baino handiagoa».
Langileak eta senidea bat datoz ardurak ezartzeko garaian, «Gipuzkoako Foru Aldundia da arduraduna», eta hari eskatu diote konpontzeko egoera ahalik eta azkarren: «Igo ditzala ratioak erabiltzaileek arreta egokia, zaintza duina izan dezaten, eta ikuskatu dezala baldintza duinak betetzen direla, bere ardura da gizarte zerbitzuak egoki betetzen ari direla ikuskatzea».
Herritarrei ere egin diete dei egoitzetako langileek eta erabiltzaileen senideek, aurrerantzean antolatzen diren mobilizazioetan parte har dezaten: «Zaintza duinaren aldeko borroka denon kontua da. Guzti-guztioi dagokigu eragitea zaintzeko eta zaindua izateko era duina izan dadin uneoro».
Egoeraren larritasuna gizarteratzeaz gain, alderdi politikoen agendan ere kokatu nahi dute egoitzen gaia. Hori horrela, herri eragileek mozioa aurkeztu dute udalean alderdi politikoek aztertu eta babesa eman diezaioten. Bi erresidentzietako egoeraren berri eman eta eskaera zehatza egingo diete: «Bi egoitzetan bizitzen ari diren egoera larriaren aurrean aldundiari berehalako konponbidea eman dezan eskatzeko galdegin nahi diegu alderdi politiko guztiei. Izan ere, aldundia da erresidentzien kudeaketaren azken arduraduna, eta egoeraren berri badu ere, axolagabe jokatzen ari da egoera larriaren aurrean». Maiatzako udalbatzarrean aztertuko dute gaia.