Emaitz Murua, hirugarren Gipuzkoako Bertsotan-en lehen saioan
Udazkenean egitekoa den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren atarikoa da Gipuzkoa Bertsotan. Lan ona egin du Muruak lehenean.
Emaitz Murua Arzallus oreretarra hirugarren izan zen atzo (osteguna) Gipuzkoa Bertsotan lehiaketaren lehen saioan, Eskoriatzan (sarrera guztiak agortu egin ziren). Gipuzkoa Bertsotan udaberrian zehar egingo da, eta udazkenean egitekoa den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fase antzekoa da. Hala, atzo Eskoriatzan abiatu zen lehia horretan 74 bertsolari hasi dira bertsotan lehen fasean, bigarren faserako 48 sailkatuko dira, eta handik 36 aterako dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarekin bat egiteko. Hau da, probintziako txapelketa nagusirako, 2019an finalerdietan abestu zuten bertsolariak daude jada zain. Baina beste denek, Gipuzkoa Bertsotan udaberriko fasean lortu behar dute txartela.
Eskoriatzako saioan Libe Goenaga Arrieta getariarra izan zen onena, 330 punturekin. Jarraian Peru Aiartza Cajaraville donostiarra sailkatu zen (316,5 puntu), eta Muruak osotara 312,5 puntu pilatu zituen. Saioan zortzi bertsolari izan ziren; lehen faseko gainerako 19 saioetan seina bertsolari izango dira. Beraz, puntuazioak ikusita, esan daiteke Xenpelar Bertso Eskolako kidea Gipuzkoa Bertsotan-en hurrengo fasera sailkatzeko bideari egoki ekin diola, hasierako 74 bertsolarietatik 48k egingo dutelako jauzi bigarren fasera, eta jada bost atzetik ditu.
Gipuzkoa Bertsotan kanporaketa fasean Oarsoaldeko beste hiru bertsolari daude. Axier Bergaretxe Gezala oiartzuarraren lehen saioa maiatzaren 3an izango da Oñatin; Josu Ibarguren Elosegi oiartzuarrak eta Kepa Isasi Salaberria sanjuandarrak hilaren 10era arte itxaron beharko dute estreinaldirako, lehenak Mutrikun izango du saioa, eta bigarrenak Anoetan.
Atzoko saioaren xehetasun gehiago izateko, sartu Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen webgunera.