Lezo herri hezitzailea izan dadin bidea hasi dute
Hezkuntza etxe nahiz ikastetxeetatik harago eramateko prozesua abian da. OInherri elkartearen gidaritzapean hasi da prozesua.
Lezoko Udalbatzak Oinherri elkartearen bazkide laguntzaile izateko erabakia hartu zuen martxoko udalbatzarrean. Hala, Lezo herri hezitzailea izan dadin urratsak egiten hasi da udala, prozesu baten bitartez. Bide horren lehen urratsa jada egina dago: herriko ikastetxeetako ordezkariek, gurasoen elkarteetako kideek, haur eta eta gazteen aisiaz arduratzen diren eragileetako arduradunek, eta udal ordezkariek topagunea egin zuten Kultura Aretoan, udalaren arabera herri hezitzaileen ikuspegitik egun Lezoren “abiapuntua eta gaurko egoera” zein den aztertu, eta diagnosia egiteko. Hemezortzi lagun elkartu ziren lehen batzar horretan. “Ondorioak baikorrak izan dira”, zehaztu du Lezoko Udalak: “Prozesuaren emaitza ere aberasgarria izatea espero dugu, Lezo herri hezitzaile izan arte”
Udalak uste du herri hezitzaile izateak hezkuntza etxeetatik eta ikastetxeetatik harago eramatea dela. “Aisian, jardueretan, kalean eta hainbat eremutan ere hezkuntzak hartu behar du bere lekua. Honetan ardura eta erantzukizuna dugu Lezoko herritar, eragile eta erakundeek”.
Lehena eginda, beste bi saio egingo dituzte prozesuaren zati direnek. Oinherrik gidatuko ditu horiek ere bai. Hala, datozen topaguneek balioko dute Lezoren helmuga definitzeko, eta horietara iriste bidean ezarri beharreko baliabideak identifikatzeko.