Asteartea, odola emateko eguna Errenteria-Oreretan
17:00etatik 21:00etara eman ahalko da odola, Merkatuzarren. Aurretik hitzordua eskatu behar dute elkartasun keinua egin nahi dutenek.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, Aukerak Sortzen dinamikaren barruan, odola emateko aukera berri bat prestatu du datorren asterako. Astearterako (hilak 7) zehazki. 17:00etatik 21:00etara egin ahal izango dute elkartasun keinua hala nahi dutenek. Aurrez, baina, txanda hartu beharko dute 688 76 53 98 telefono zenbakira deituz. Lau Haizetarak, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearekin elkarlanean eta Errenteriako Udalaren babesarekin antolatu du saioa.
Elkartasun keinuen zerrenda, ordea, ez du hitzordu horretara soilik mugatu Lau Haizetarak. Izan ere, Elikagaien Kutxa izeneko egitasmoarekin aurrera darraite: Zaporeak elkarteak Lesboseko (Grezia) errefuxiatuen kanpamenduan ematen dituen otorduetarako eligaiak biltzeko iniziatiba da Elikagaien Kutxa. Hala, zerbait eman nahi dutenek 688 76 53 98ra dei dezakete, zita egin, eta elikagaia entregatzeko.