Pentsio eta zaintza duinen alde, eta etxegabetzeen kontra atera dira pentsiodunak kalera
Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza adinekoen erresidentzietako egoera, eta bizilagun baten etxegabetzea lehen lerroan gaurko Duintasunaren protestan.
Ertza ugariri erantzun die gaur Duintasuna Elkarteak. Pentsio duinen aldeko aldarria lehen lerroan jarri dute elkartu diren erretiratuek, baina ez hori bakarrik, azken hilabeteetan denen ahotan den adinekoen bi egoitzetako egoeraren gaineko kezka agerian jarri dute berriro ere; baita, Gaztaño auzoko bizilagun baten etxegabetzea ere. Ertza ugari eta faktore komun bat denek, bizitza duinerako eskubidearen aldeko aldarria.
11:00etan puntuan hasi dute protesta eta lehenik, ohi moduan elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan. Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza erresidentzien egoeraren gainean informazioa zabaldu dute, eta aterabide duin bat eskatzeko egindako protestek lehen fruituak eman dituela jarri dute nabarmen: “Hainbat aste daramagu mobilizazioak egiten eta ostiralean bilera egitera deitu gaitu aldundiak”.
Sanmarkoseneko langileak asteazkenero elkarretaratzen dira lan baldintza eta zaintza publiko duin baten alde 10:45etik 11:30era; Jesusen Bihotza erresidentziakoak berriz, ostegunetan 11:00etan. Bi elkarretaratze horiekin bat egitera deitu dute Duintasunatik, langile eta erabiltzaileen senideekin batera aritzeko. Bestalde, maiatzeko astelehen guzti-guztietan Duintasunak Zumardian egiten den azoka txikian salatuko du bi egoitzetako egoera. Horietara ere deitu ditu herritarrak, “oinarrizkoa da mobilizazioa, presioa, manifestazioak egitea”.
Gaiarekin lotuta hilaren 28an plenoak mozioa aztertuko duela gogorarazi dute, bestalde eta horretan parte hartzera ere deitu dute. 18:30ean hasiko da plenoa.
Esfortzu berezia egitera deitu dute, “gaia sozializatzen jarraitzeko”.
Aipamen berezia gaurko protestan ere Duintasunak Errenteria-Oreretan aspaldian martxan duten eragile askoko sare zabala, “ez da batere erraza baina lortu dugu sortzea sare zabala eragiteko. Herriko mugimendu sozialak bat egin dugu osasungintzaren egoera salatzen hasi ginenetik, eta hau baliatu behar dugu”. Osasungintzarekin lotuta, aurreratu dutenez bilera eskatu diete sare hori osatzen duten eragileek Iztieta eta Beraungo anbulatorioei, egungo egoeraren berri izateko, “egoera zerbait hobetu bada ere, larrialdi zerbitzuak medikurik gabe jarraitzen du oraindik ere, eta konpondu ezean mobilizazioen bideari ekingo diogu berriro”.
Etxegabetzeen aurka, Sabadell banketxearen aurrean
Herriko Plazatik abiatu da manifestazioa, eta herriko kaleak zeharkatuta geldialdia egin du Biteri kalean, Sabadell banketxearen aurrean. Bertan zen azken banketxe horrek Luxenburgoko funts putre bati bere prestamua saldu ostean etxegabetze arrisku bizian den errenteriarra beste hainbat pertsonekin. Elkartasun erabatekoa jaso du Duintasunako protestan ari zirenen aldetik, eta egungo egoeraren berri eman du.
Auzi horretan ere protestek hasi dira emaitza izaten eta bilera bat adostu dute banketxeko arduradunek etxegabetu nahi duten bizilagunaren ordezkariekin. Kaltetuak berak HITZAri azaldu dionez, “elkarrizketa lerroa” zabaldu dute banketxearen zentraleko bitartekari batek eta Stop Kaleratzeak elkarteko ordezkariek, “gaur bertan Errenteriako bulegoko zuzendariaren bidez aurrez aurreko bilera eskatu dugu. Erantzunaren zain gara banketxea, plataforma eta nirekin”.
Asteazkenean beste bilera bat dutela ere jakinarazi du kaltetuak, kasu honetan, Errenteriako Udalean, “Aizpea Otaegi alkatearekin eta Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarekin izango dugu bilera, eta beste asko askotan egin duten moduan bitartekaritza lana egin dezaten eskatu nahi diegu”.
Urrats oro positiboa dela nabarmen jarri du etxegabetzeko arriskuan den bizilagunak, eta argi utzi du ideia bat, “ez gara etxera joango, etxea ziurtatzen diguten arte”. Esker ona, hunkituta, auzokideei, “ikaragarria izaten ari da auzoan batez ere jasotzen ari naizen babesa eta elkartasuna. Egunero egunero gerturatzen zaizkit galdetzera zer moduz doan, berririk ote dagoen, edo zerbait behar ote dudan. Hunkituta nago jasotzen ari naizen babes eta maitasun horrekin”.
Babesten duten horiei deia gaur ere, astelehen, asteazken eta ostiraletan 11:00etatik 12:00etara banketxe aurrera azaltzeko protesta egitera, “elkartasun guztia ongietorria delako, eta argi dagoelako protesta eta mobilizazioak ezinbestekoak direla”.
Ondoko argazki galeria Garazi Agirresarobek egina da.