Palestinaren aldeko elkartasun jaialdia, ekainaren 1ean
Oarsomusika elkarteak eta Orereta Palestinarekin Herri dinamikarekin batera ondu du emanaldia. Sarrerak salgai dira jada 5 euroan.
Palestinak bizi duen genozidioa salatzeko, elkartasun jaialdia antolatu dute Errenteria-Oreretan ekainaren 1ean. Atzean, Oarso Musika elkartea, Orereta Palestinarekin Herri dinamika, eta Oarsoaldeko hainbat artista eta sortzaile.
Oarso Musikak azaldu duenez, “helburua Palestina jasaten ari den sarraskia salatzea da, eta bide batez Orereta Palestinarekin Herri dinamika laguntzea”. Niessen kulturguneak hartuko duen elkartasun jaialdian musika, dantza, olerkia, klown, txalaparta eta multimedia nahasiko dira salaketa oihu, baina batez ere elkartasun keinu izateko.
Hiru orduko emanaldirako sarrerak salgai daude jada. Arkaitza tabernan eros daitezke hilaren 30era arte, eskudirutan ordaindu behar dira. Online ere eros daitezke ekainaren 1eko arratsaldera arte (egin klik hemen). Egunean bertan ere erosi ahalko da sarrera Niessengo leihatilan 17:00etatik aurrera —txartelarekin ordaindu beharko da—. Prezioa, 5 euro.
Parte hartuko duten artistak, honakoak: Hatxe, Ilargi, Karim, Puto Yanu&DJ Artie, The Bedbreakers, Arkaitz Miner, Julen Etxegarai, Ibon Huarte, Txintxetilla, eta Neka eta Artola txalapartariak.
Emanaldia adin guztietako herritarrentzat aproposa dela diote antolatzaileek, zutik nahiz eserita ikusteko aukera izango da, eta barra jarriko da irauten duen bitartean.