Arnasguneak sortzen, euskara lau haizetara zabaltzeko
Euskaraz hitz egiteko espazio eroso eta konfiantzazkoa eskaintzen jarraitzen du Lau Haizetara Eukaltzaleon Topaguneak Mintzalaguna programaren bidez. Irakurketa Erraza taldea ere martxan dute.
Xixilio Maritxalar, mintzalaguntzailea. Argazkia: Garazi Agirresarobe Euskara ikasten ari direnei, jarioa galdu dutenei, hizkuntza herdoildu zaienei, edota hitz egiteko mintzakideak behar dituztenei erantzuteko sortu zuen Lau Hazietara Euskaltzaleon Topaguneak Mintzalaguna programa duela 24 urte. Ibilbide luzea du soinean euskararen arnasgune izateko bokazioarekin sortutako iniziatibak, eta gaur egun ere, lan horretan dihardu, euskaraz bizi nahi, baina aldeko ingurune bat ez dutenei euskaraz aritzeko konfiantza, erraztasuna, eta espazio abegikorra eskaintzen.
Lau Haizetarako kide eta mintzalaguntzaile da Xixilio Maritxalar. Sinistuta dago elkartea iristen ez den jende ugari dagoela, Mintzalaguna programa lagungarri lukeena euskaraz bizitzeko: «Mintzalagunean parte hartzeko beharrezkoa den bakarra da euskarazko maila bat izatea, elkarrizketa bat mantentzeko modukoa. Doakoa da, eta edozein momentutan eman daiteke izena ikasturtean zehar».
Une honetan hamahiru talde ari dira Mintzalagunaren barruan. Goiz eta arratsaldez dago aukera, eta astean behin ordubete eta ordu eta erdiko saioak egiten dituzte. Taldea osatzen duten lagunek eta mintzalaguntzaileek adosten dute eguna, ordua eta lekua. Normalean tabernetako terrazetan kontsumizio baten bueltan egiten dituzte saioak; Maritxalar mintzalaguntzaile ari den bi taldeek, berriz, Joxepa Antoni Aranberri Anitzenean egiten dute juntadizoa. Taldeetan dagoen «giro ona eta umoreari» balioa eman die mintzalaguntzaile beteranoak, «ezinbestekoa baita gustura sentitu daitezen, eroso, mingaina euskaraz dantzatzen hasteko konplexurik gabe».
Esfortzua aitortu
Saioak egiteko espazioak bezala, taldeak erabakitzen ditu eguna eta ordutegia. Baita hizketagaiak ere. Argi esan du Maritxalarrek: «Edozein gairi buruz hitz egiten dugu bertan, gai serio edo garrantzitsuez, baina baita transzendentalak ez direnez ere. Txantxetarako tartea ere hartzen dugu».
2000. urtean martxan jarri zutenetik ari da mintzalaguntzaile Maritxalar, eta hasierako gogo berarekin heltzen dio gaur egun ere bere egitekoari. Mintzalagunek, ezinbesteko dituzte mintzalaguntzaileak edo euskaldun zaharrak hizkuntzaren labirintoan galdu gabe iaiotzeko pixkanaka-pixkanaka.
Lau Haizetarakoak aitortu du euskaraz bizitzeko hautua egiten duten pertsona horien guztien esfortzua. «Ikaragarriak dira egiten dituzten urratsak euskaraz bizitzeko. Dedikazioa, denbora, esfortzua dago horren atzean eta txalogarria da. Ibilbide horretan senti dezatela ez daudela bakarrik, inguruan gaudela gu. Euskaltzalea naizen gisa, haien konpromisoa txalotu nahi dut».
Irakurketa Erraza
Euskara elkarteak martxan duen beste programa bati ere egin dio erreferentzia Maritxalarrek, hura indartzea ezinbestekoa iruditzen zaiolako: «Irakurketa Erraza programaren bidez, euskaraz irakurtzeko ohitura galduta duten, edo euskaldunak izanik euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituztenei begirakoa da».
Duela bost urte jarri zuten martxan programa hori Errenteriako Udalaren ekimenez. Horretan ere, hasiera-hasieratik da partaide errenteriarra, eta zinez eskertu du Udal Bibliotekako dinamizatzaile Arantxa Cocak egindako lan eskerga: «Berak gidatzen zituen saioak hasieran. Lau Haizetara elkarteak hartu zuen gero ardura».
Irakurketa Erraza saioak hilean behin egiten dituzte, ostiralarekin —saio bakoitzean zehazten dute hurrengo hitzorduaren data—. Ordubeteko saioak dira, 18:00etatik 19:00etara. «Oro har, gero eta gutxiago irakurtzen da, eta beste hizkuntzetan hala bada, euskaraz zer esanik ez. Liburuak hartzea gero eta gehiago kostatzen da, teknologia berrien eraginez. Euskaraz irakurtzearen aldeko apustua ezinbestekoa da eta batzuetan errazetik hastea da horretarako bidea».
Mintzalagun programan bezala, Irakurketa Errazan ere izena eman daiteke ikasturte osoan zehar, eta horretara deitu herritarrak Maritxalarrek. Interesdunek, bi programen gaineko informazio gehiago jaso dezakete, edota parte hartzeko izena eman, 613 25 49 04 telefono zenbakira deitu, edo posta elektronikora mezua bidali, eta harremanetarako datuak zehaztuta. 5
