Hemen dira mendekosteak
Herriko festen aroa irekiko dute Lezoko mendekosteek. Hilaren 17tik 19ra ospatuko dira, eta indartsu datoz, 32 jardueraz osatutako egitaraua eraiki baitu Jai Batzordeak.
Herriko festen aroa iritsi da Oarso Bidasora. Lezok emango dio hasiera festen aro horri, hilaren 17tik 19ra mendekosteak ospatuko baitira. Aurtengo jaiak indartsu lurreratuko dira Lezon, 32 jarduerarekin. Jai Batzordeak gustu eta publiko guztiak aintzat hartu dituen programazioa ondu du, eta gaur aurkeztu dituzte programazioaren xehetasunak Mikel Arruti alkateak, Jon Legorburu Kultura zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak.
Mendekosteek hilaren 17ko 17:45ean egingo dute eztanda, orduan iritsiko baitira portura Zabarre eta Maria Labaien. 19:00etan udaletxera iritsiko dira, eta Pirata Txikiek pregoia irakurriko dute balkoitik, festei hasiera emateko. Lehen festa eguna biribiltzeko, Lau Katu txarangaz, afari autogestionatuaz eta Itzal taldearen erromeriaz gozatuko dute lezoarrek.
Urtero bezala, Jai Batzordeak antolatu ditu mendekosteak, eta udal ordezkariek eskerrak eman dizkiote batzordeari egin duen lanagatik. Mikel Arrutik gogorarazi du herriko elkarte eta eragile gehienak biltzen direla mendekosteetako egitaraua osatzeko, eta haien lana aitortu du alkateak. Jon Legorburuk adierazi du “plazer” bat dela haien eskutik lan egitea, eta eskerrak eman dizkie herritarrei “geroz eta jende eta talde gehiago” batu direlako batzordera.
Jai Batzordean azpitalde bat sortu dela jakinarazi du Kultura zinegotziak. Azpitalde horrek haurrei begirako “lanketa berezia” egin duela nabarmendu du Legorburuk, eta lan horri esker, mendekosteak herritar guztientzako “jai hobeagoak” izango direla esan du. Xanti Valek ere Jai Batzordearen eta azpitalde horren lana goraipatu ditu, eta haien ekarpenari esker, programazioak “izaera berezia” izango duela onartu du. Azpitaldeak, esaterako, sei jarduera ondu dituela baietsi du Valek.
Horrez gain, jaiak errespetuz bizitzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Arrutik. Alkateak adierazi du udalarentzat “errespetua” eta “parekidetasuna” bizikidetzaren oinarri diren aldetik, jaietan ere horrela izan behar duela. Udalak deialdia egin du mendekosteak “inolako eraso matxistarik gabekoak, euskaldunak, jasangarriak eta parekideak” izan daitezen. Horren harira, Arrutik jakinarazi du eraso matxisten aurkako protokolo bat landu dutela Mugimendu Feministarekin. Hilaren 18an, larunbatarekin, puntu morea jarriko da 18:00etatik 21:00etara, eta telefono zenbaki bat ere aktibatuko dute: 688 69 62 04.
Maiatzak 17, ostirala
- 17:45: Zabarre eta Maria Labaieni ongietorria kaian. Murixkaren Agurra.
- 19:00: Zabarre eta Maria Labaienen iritsiera udaletxeko atarira. Jarraian, Pirata Txikiek hasiera emango diote jaiari pregoiaren irakurketarekin udaletxeko balkoitik. Murixkaren Agurra, buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin.
- 19:15: Lau Katu txaranga, Gurutze Santuaren plazatik hasita.
- 21:00: Herri afari autogestionatua, Gurutze Santuaren plazan.
- 23:00: Erromeria Itzal taldearekin, Karlos Saldise plazan.
Maiatzak 18, larunbata
- 09:00: Motozaleen elkarretaratzea, Itzel kafetegiaren ondoan. Jarraian abiatuko dira.
- 09:30: Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 10:30: Artista egun batez haurrentzako tailerrak, Karlos Saldise plazan.
- 12:00: Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin, Bekoerrota kiroldegitik abiatuta. Jarraian, Bidasoko eta Lezoko erraldoien topaketa, Gurutze Santuaren plazan.
- 12:00: XX. mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar.
- 13:00: Tomas Garbizu Lezoko Musika Eskolako bandaren kontzertua eta Lezoko Dantzazaleen emanaldia, Gurutze Santuaren plazan.
- 16:00: Truk txapelketa, Tiñelu elkartean.
- 16:30: Euskal TikTok dantzak, Gurutze Santuaren plazan.
- 17:30: Arkirun Klubeko pilota eskolako finalak Josetxo Etxandi pilotalekuan.
- 18:30: Hamarru elektrotxaranga herritik zehar, Karlos Saldise plazatik abiatuta.
- 18:30: Sukaldaritza lehiaketa Goiko plazan.
- 18:30: Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin, Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.
- 19:00: Aiton Bordaren eskutik FlashMob, Gurutze Santuaren plazan.
- 19:30: Haurrentzako berbena Revoltijo taldearekin, Gurutze Santuaren plazan.
- 22:30: Zezen suzkoa, Gurutze Santuaren plazan.
- 23:00: Techno gaua, Gurutze Santuaren plazan.
- 23:30: Kontzertuak, Karlos Saldise plazan: Raimundo el Canastero, Etxepe eta DJ Fresa Morango.
Maiatzak 19, larunbata
- 09:30: Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 11:00: Jolasak: Abentura pirata, Karlos Saldise plazan.
- 11:00: Gazte sortzaileen azoka, Karlos Saldise plazan.
- 12:00: Herri kirolen erakustaldia, Gurutze Santuaren plazan. Onintze Zumeta eta Lierni Osa harria jasotzen; eta Arkaitz Etxebeste eta Aratz Mugerza aizkoran.
- 12:30: Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin, Karlos Saldise plazatik abiatuta.
- 17:00: Altxorraren bila. Irteera Gurutze Santuaren plazatik. Jarraian, egurrezko jolas erraldoiak, Gurutze Santuaren plazan.
- 19:00: Dantza emanaldiak Osa+Mugika taldearen Bueltaxka eta DAB taldearen Noed emanaldiekin, Goiko plazan.
- 21:45: Zezen suzkoa Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako bandarekin, Gurutze Santuaren plazan.