Itzuliaren lehenengoan, 32. sailkatu da Santesteban
Santesteban Laboral Kutxako liderra da, eta lehen hamarren artean sailkatzea du helburu Itzulian. Igandean etxetik pasako da Donostian hasi eta bukatuko den lasterketan.
Gaur hasi da Euskal herriko Emakumeen Itzulia. Gasteiz eta Elgoibar lotu dituzte txirrindulariek 140 kilometroko lehenengo etapan. Laboral Kutxaren liderra den Ane Santesteban, 32. sailkatu da Itzuliaren lehenengo etapan.
Beste bi lasterketa ditu aurretik errenteriarrak, eta txirrindularia eta bere taldearen helburua lehenengo hamarren artean sailkatzea da.
Biharko etapa Basauritik abiatu eta bertan bukatuko da, 104 kilometroko ibilbidea eginda. Igandeko etapa, berriz, berezia izango da txirrindulari errenteriarrarentzat. Donostiatik abiatu eta bertan bukatuko da, eta bitan pasako da Errenteria-Oreretatik. Bihar eta etziko Itzuliaren etapetan lanean jarraituko du Santestebanek erronka duen lehen hamarren artean sailkatzeko.