“Kopa irabazi ahal izatea oso handia izan da niretzat”
Lehengusuarekin zaletu zen futbolean atezain errenteriarra. Touringen egin zituen lehen pausoak, eta Athleticekin iritsi da elitera. Orain, bizkaitarren historian sartu da, 40 urteren ondoren Espainiako Kopa irabazi baitu, txapelketa bikaina jokatuta.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/05/julen-agirrezabala.jpg)
Ajea pasata, zer izan da zuretzako Espainiako Kopako txapeldun izatea?
Sekulako poztasuna sentitu dut. Nire kasuan, gainera, bigarren atezaina izanda eta gutxi jokatuta, Kopako partidak jokatzeko aukera izan dut. Taldeak aurrera atera zituen kanporaketak, eta final hori jokatu ahal izan genuen. Zorionez, irabazi genuen, gustatuko litzaigukeena baino sufrimendu gehiagorekin, baina poztasun handia sorrarazi zidan. Pozik nago jendearengatik eta zaleengatik, horrelako poztasuna haiei helaraztea ere ikaragarria izan da guretzat.
Athleticek 40 urte zeramatzan Kopako titulua lortu gabe. Irabazteko presio hori bazuen aldagelak?
Presio hori gainetik kentzen saiatu ginen, soilik futbolean eta partidan kontzentratzen saiatu ginen, bagenekielako kanpoan zegoen ilusioak taldeari kalte egin ziezaiokeela. Argi genuen futbolean kontzentratzen ahalegindu behar ginela, presio hori ilusioan bilakatzeko. Partida gogorra izan zen, baina garrantzitsuena irabaztea zen, eta titulua lortu genuen.
Azken urteetan final mordoa zituen jokatuta Athleticek, baina ez zuen irabaztea lortzen. Aldagelak lasaitua hartu du titulua irabazita?
Sentimendu nabariena esango nuke lasaitasunarena izan dela. Final asko dira, eta beharbada ez da ondo baloratzen taldeak urte hauetan guztietan egin duen lana, ez baita erraza horrenbeste finaletara iristea. Egia da, baita ere, azken pauso hori ematea beharrezkoa zela. Aurten azken urrats hori egin dugu, eta 40 urteren ondoren Kopa Bilbora etorri da.
Zure parte hartzea funtsezkoa izan zen titulua lortzeko, partidan egin zenituen geldialdiez gain, penalti bat ere gelditu baitzenuen. Askok, gainera, heroitzat hartu zaituzte.
Heroi hitza ez zait gustatzen. Hasieran hamaika jokalari ginen zelaian eta beste batzuk ere aulkitik atera ziren. Uste dut jokalari guztiek jarri genuela geure partetik ahalik eta ondoen jokatzeko final hori. Mallorca arerio oso gogorra izan zen. Haien lehen gol horrek min egin zigun, baina taldeak buelta eman zion egoera horri. Oihan Sanceten golarekin, eta luzapena medio, penaltietan lortu genuen irabaztea, eta oso pozik nago arlo pertsonalean Kopa osoan zehar taldeari lagundu ahal izateagatik.
Partidak jokatu behar dira, baina kanpotik Athletic faborito nagusia zirudien. Hala ere, penaltietan erabaki zen finala. Jakina da penalti jaurtiketetan atezain batek zeresan handia duela. Zer pentsatu zenuen penaltietara iristean?
Lana eginda zegoela bagenekien. Futbol minutuak bukatuta zeuden, eta finala beste modu batera hartzeko momentua zen. Jende askok dio penalti jaurtiketak loteriaren modukoa direla, baina uste dut prestatu beharreko arloa dela, eta guk ondo geneuzkan prestatuta. Zorionez ondo atera ziren.
Unai Simon da Athleticeko atezain titularra, baina Kopan zuk jokatu duzu. Presio gehigarria bazenuen penaltietara iritsita? Nola kudeatzen da presioa horrelako egoera batean?
Penaltietan beti esan ohi da jaurtitzaileak duela abantaila; beraz, atezain moduan, presio gutxiago duzu. Egia da Sevillako finalera arte ez nuela penaltirik jaso lehen taldearekin. Presioa hor dago, baina ondo prestatu genituen jaurtiketak, Mallorcako jaurtitzaileak ondo aztertuta baikenituen. Zorionez bigarren penalti hori gelditu ahal izan nuen eta, gainera, hurrengoa kanpora bota zuten haiek. Bien bitartean gure jaurtitzaileak bikain aritu ziren, eta Berenguerren laugarren penalti horrekin finala bukatu ahal izan genuen, Kopa irabaziz.
Ospakizun guztia gabarrarekin biribildu zenuten. Nola bizitu zenuten 40 urteren ondoren hor izatea eta zale guztiak zuekin bat egotea?
Taldeak, klubak eta zale guztiek gogo handiak zituzten momentu hau berriz ere bizi ahal izateko, eta egun bikaina izan zen, ez dugu sekula ahaztuko. Dena ikaragarria izan zen, lehen momentutik jende asko ikusi genuen kaleetan, udaletxean eta aldundian, eta eskertzekoa da horrelako titulu bat jende guztiarekin ospatu ahal izatea.
Kopa irabazita, hurrengo sasoian Europan izango da Athletic. Europako itzulera garrantzitsua da klubarentzat, ezta?
Urteak pasa dira taldea Europan egon zen azken alditik, eta klubarentzat eta aldagelarentzat oso garrantzitsua da berriz ere Europan barrena lehiatzea.
Urte apalago batzuen ondoren, denboraldi bikaina osatzen ari zarete aurten. Kopako titulua bereganatu duzue, eta ligan bosgarren postuan zaudete, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerekin.
Athleticen azken ligako txapelketak ez dira txarrak izan, baina beharbada azken aurrerapauso hori egitea falta izan zitzaigun. Azken partidetan Europatik kanpo geratu ginen, eta Kopan berdin, finalerdietan edo finalean galtzaile izan baikinen. Uste dut aurten denboraldia bikaina izaten ari dela, eta Kopa irabazita Europako postu hori badaukagu. Orain, geratzen diren partidetan ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara Txapeldunen Ligako postu hori lortzeko.
Lau jardunaldi geratzen dira sasoia bukatzeko. Zer eskatzen diozu denboraldi bukaerari?
Orain arte denboraldia bikaina izan da, eta sasoia biribiltzeko Txapeldunen Ligako postuetan bukatzea gustatuko litzaiguke. Badakigu zaila dela, baina zerbait eskatu behar badiot denboraldi bukaerari hori da. Europan jokatzeko postua behin badaukagula, Txapeldunen Ligakoa lortu nahiko genuke, hori da aldagelan dugun ametsa.
Arlo pertsonalean nola doakizu sasoia?
Ez da erraza gutxi jokatzea, soilik Espainiako Kopa jokatu dut, baina Athleticekin Kopa irabazi ahal izatea oso gauza handia izan da niretzat arlo pertsonalean. 40 urteren ondoren Kopa altxatu duen taldearen atezain izatea berezia izan da niretzat.
Unai Simonek jokatu ditu aurten partida gehienak. Nola darama profesional batek sarri ez jokatzearena?
Ez da erraza, baina atezain batek prest egon behar du horrelako egoera bati aurre egiteko. Entrenamenduetan ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Unai ere atezain bikaina da, eta berarengandik ikasten ahalegintzen naiz. Nire eskuetan dagoena da egunero ahalik eta ondoen entrenatzea, aukera iristen denean ahalik eta ondoen aprobetxatzeko eta taldeari lagundu ahal izateko.
Nondik datorkizu futbolarekiko zaletasuna?
Haurra nintzenean, lagun guztiek jokatzen zuten futbolean. Hasieran ez zitzaidan asko gustatzen, baina uda batean, oporretan nintzela, nire lehengusuarekin hasi nintzen futbolean jokatzen, jaurtiketak gelditzen eta atean jartzen. Horrela hasi zen nire ibilbidea. Herriko taldean hasi nintzen, Touringen, eta bertatik Antiguokora joan nintzen. 17 urterekin etorri nintzen Bilbora, eta hemen jarraitzen dut.
Touringen, herriko taldean, eman zenituen lehen urratsak. Nola oroitzen dituzu?
Oso politak izan ziren. Kuadrillako lagunak nituen taldean, eta futbolarekin izan nuen lehen esperientzia oso polita izan zen. Ia denak herrikoak ginen eta harreman oso berezia genuen gure artean. Hiru urtez jokatu nuen Touringen, eta Kopa bat ere irabazi genuen, Haur Mailakoa. Guretzat Txapeldunen Liga irabaztearen parekoa izan zen garaikur hori lortzea. Poztasun handia sorrarazi zigun, eta oso oroitzapen politak dauzkat.
Jarraitzen al duzu Touringen egunerokoa?
Lehenik eta behin, kluba zoriondu nahiko nuke, beste urte batez gizonen lehen taldea Hirugarren Mailan mantendu baita. Lagunak ditut lehen eta bigarren taldeetan, eta pozten naiz herriko taldea momentu on batean egoteaz.
Nolakoa izan da elitera iristeko bidea?
Ez da erraza izan, baina nire gurasoek beti irakatsi didate hankak lurrean izaten. Beti umila izateko eta batez ere futbolaz gozatzeko esaten didate, uste dut hori dela garrantzitsuena. Izan ditudan entrenatzaile guztiekin gauza asko ikasi ditut futbolaz eta bizitzaz, eta horiei guztiei esker nago orain nagoen lekuan. Eskertzekoa da ibilbide guztian izan dudan laguntza hori.
Zure ibilbideko zein unerekin geratuko zinateke?
Une asko daude, baina bereziena Athleticekin Lehen Mailan debutatu nuen eguna da. Elxen aurka izan zen. Eta noski, Espainiako Kopa irabaztea ere sekulakoa izan da. Aste hori ikaragarria izan zen aldagelan, eta jende guztiarekin ere ospatu genuen.
Baduzu ametsik futbolean?
Duela bi hilabete Athleticekin titulu bat irabaztea litzateke, baina zorionez amets hori bete egin da. Orain, Europarako sailkatuta gaude, eta hurrengo ametsa lehiaketa hori Athleticekin jokatzea litzateke