Aurreskulari gazte onenen bilgune izango da Niessen Kulturgunea
Gipuzkoako liga amaituta, txapelketa nagusira iristeko txartela lortu dutenen txanda heldu da orain. Gazte mailako VI. Aurresku Txapelketa Nagusia gipuzkoar erara jokatuko dute Legazpin eta Errenteria-Oreretan.
Gipuzkoako liga amaituta, txapelketa nagusira iristeko txartela lortu dutenen txanda heldu da orain. Izan ere, Gazte mailako VI. Aurresku Txapelketa Nagusia gipuzkoar erara jokatuko dute. Bi txanda eta bi leku aukeratu dituzte aurten ere horretarako. Lehen hitzordua D sailekoek izango dute Legazpiko azokan larunbatean —hilak 18— 17:00etan hasita. Txapelketako nagusienak ariko dira bertan, 2009-2010 urteen artean jaiotako dantzariak, hain zuzen ere.Bigarrena, hilaren 25ean, larunbatarekin izango da Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean. Hori ere, 17:00etan hasiko da, eta bertan A (2014-2016) eta B (2011-2013) kategorietako dantzariak ariko dira.
Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko Estibaliz Iturria, Erein Elkarteko Mikel Olaskoaga eta Juantxo Mayak, eta Legazpiko Sustraiak Dantza Taldeko Jon Dorronsorok aletu dituzte txapelketaren nondik norakoak, gaur eguerdian Lekuona Fabrikako Sorgunean egin duten agerraldian. haiekin batera izan da, Maite Gartzia Kultura zinegotzia ere.
Duela sei urte hartutako bide berriari jarraituta, neska eta mutilak ariko dira, bereizketarik gabe txapelketan. Ordura arte mutilentzat aurresku txapelketa eta neskentzat soinu zahar txapelketa antolatzen zituzten. Iturriak azaldu duen moduan, “banaketa edo bereizketa bakarra, beraz, adinaren araberakoa egindakoa da”.
Ligaren gaineko irakurketa egin du gaurko agerraldian Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko ordezkariak eta datuak eman. Aurten hamazazpi udalerritako 70 neska-mutil aritu direla ligan zehaztu du Iturriak, “gehienak gipuzkoarrak, baina tartean bi nafar ere izan ditugu. izan ere, gipuzkoar erara dantzatzea da eskatzen zaiena”. Aduna, alkiza, Amasa-Villabona, Andoian, areso, Asteasu, Astigarraga, Elgoibar, errenteria-Orereta, Legazpi, Lezo, Lizartza, Oiartzun, Pasaia, Tolosa eta Zizurkilgo dantzariak aritu dira txartel bila.
Larunbateko Legazpiko txapelketan 14 dantzari ariko dira. Betronio Handia, Aurkez aurke, eta Xamurra kontrapasa dantzatu beharko dituzte. Irabazleak buruzagi makila eta garaikurra emango dizkiote, eta bigarrenetik seigarrenera artekoei, berriz, garaikurra. Gainontzeko dantzariek oroigarria jasoko dute. Sari bereziak ere izango dira txapelketan, eta hala, irabazlearen irakasleari oroigarria emango diote. Liga irabazleari, eta ongien sailkatutako herriko dantzariari ere, oroigarria. Azkenik, jantzi egokienari saria ere emango diote.
Epaimahaikide Jose Luis Vallejo tolosarra, Maria Ferreiro elgoibartarra, eta Nahikari Vizuete lezoarra ariko dira.
Hilaren 25ean A eta B kategorien txapelketa
Errenteria-Oreretan 24 dantzari ariko dira, hamabina bi kategorietan. A Kategoriakoek Ormatxulo eta Agurra dantzatu beharko dituzte eta B kategoriakoek berriz, Hondarribi handia eta Legazpi Zortzikoa. Sariei dagokienean, irabazleak buruzagi makila eta garaikurra emango dizkiote, eta bigarrenetik seigarrenera artekoei, berriz, garaikurra. Gainontzeko dantzariek oroigarria jasoko dute. Sari bereziak ere izango dira txapelketan, eta hala, irabazlearen irakasleari oroigarria emango diote. Liga irabazleari, eta ongien sailkatutako herriko dantzariari ere, oroigarria.
Erregulartasuna saritu asmoz, saila bakoitzeko liga irabazleak trofeoa jasoko du. A sailean Lur Lacasta lezoarrak, B sailean June Aguado (Amasa-Villabona) eta D sailean Jurgi Errandonea andoaindarrak.
Epaimahaiari dagokionez, Idoia Besadak (Pasaia), Nagore Indakoetxea (Errenteria-Orereta), eta Xabier Mendizabalek (Donostia) osatuko dute Errenteria-Oreretan jokatuko den sailena.
Dantzariei musika jartzeaz Errenteriako Udal Txistulari taldea arduratuko da Errenteria-Oreretako txapelketan, eta saioa amaitu eta epaimahaikideen ebazpena heldu artean, berriz, Herri arte Eskolako dantza ikasleek Sorgin dantza eta Zuberoako Makil dantza egingo dituzte.
Txikitatik teknika lantzen
Aurresku liga antolatzen hasi ziren garaira begira jarri da Iturria, 1990. hamarkadara: “Helburu zehatz batzuk genituen. Batetik, haurrek txikitatik Gipuzkoako dantzen urratsen teknika landu eta ezagutzea, eta dantza talde nagusietara iristerakoan, bestetik, gazteek duten mailari eta esperientziatik dantza taldeak indartzea”.
Balorazioa ezin hobea egin du, “bi helburu horiek ezin hobeto lortzen ari direla uste dugu, eta horregatik jarraitzen dugu liga antolatzen. Helburuak mantendu badira ere, urte hauetan aldaketa eta berrikuntzak txertatu dituztela ere jarri du nabarmen: “Lehenik eta behin liga bateratua da orain nesken eta mutilen ligen banaketa hura gaindituta 2018-19 ikasturtetik aurrera; horrekin batera, dantzarien alderdi pedagogikoa indartzeko lanean ari gara. Horretarako txapelketa bakoitzean, aditu batek, dantzariek oinarrizko dantza pausuak nola egiten dituzten jaso dute eta txosten at egin da dantzari bakoitzeko. Informazioa dantzarien dantza irakasleen esku uzten da, zuzendu beharreko akatsak dantzariekin landu ditzaten”.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak hartu du hitza azkenik. eskerrak eman dizkie antolatzaileei egiten duten lanarengatik, baita parte hartuko duten gazte guztiei ere. Herritarrak gonbidatu ditu bat egitera eta gozatzera txapelketarekin.
D. Saila: Legazpiko azokan hilaren 18an, 17:00etan.
-
Naroa Del Rio (Tolosa)
-
Onditz Esnaola (Lizartza)
-
Uxue Cabrera (Elgoibar)
-
Irune Azpeitia (Legazpi)
-
Jurgi Errandonea (Andoain)
-
Irati Larrañaga (Andoain)
-
Maria Sanchez (Legazpi)
-
Ihintza Erauskin (Lezo)
-
Danel Castillo (Pasai Donibane)
-
Naia Amorena (Astigarraga)
-
Amane Uranga (Tolosa)
-
Julen Lertxundi (Asteasu)
-
Jone Arretxe (Amasa Villabona)
-
Lide Sarasola (Zizurkil)
A. saila: Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean hilaren 25ean, 17:00etan.
-
Gorane Villa (Lezo)
-
Amira Zabaleta (Lezo)
-
Araitz Mantxola (Legazpi)
-
Amaiur Iturbe (Lezo)
-
Lur Lacasta (Lezo)
-
June Romero (Lezo)
-
Nora Lafuente (Legazpi)
-
Udane Etxebeste (Errenteria-Orereta)
-
Ane Perez (Lezo)
-
Hugo Haro (Lezo)
-
Irati Perez (Lezo)
-
Xabier Nabaskues (Donostia)
B. saila: Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean hilaren 25ean, 17:00etan.
-
June Aguado (Amasa-Villabona)
-
Naroa Arteaga (Amasa-Villabona)
-
Nora Davila (Zizurkil)
-
Aiara Aburuza (Aduna)
-
Jon Alberdi (Legazpi)
-
Ixone Lorenzo (Lezo)
-
Araitz Berasategi (Legazpi)
-
Mairi Maya (Errenteria-Orereta)
-
Enara Aranburu (Amasa-Villabona)
-
Nora Escudero (Legazpi)
-
Unax Ansola (Elgoibar)
-
Judith Jacinto (Lezo)