Leiho bat zabalik sormenari
Kultur eta sormen arloko jarduera ekonomikoen sustatzaile izateko bokazioarekin zabaldu ditu ateak Agustinak Zentroak duela hilabete. Herrialdeko erreferentziazko zentro bilakatzea du helburu.
Agustinak Zentroak apirilaren 16an zabaldu zituen ateak. Egur usaina da nagusi beirate zabal-zabalekin berritu duten eraikinean. Izen bereko auzoko kale eta etxebizitza eraikinak ditu alde batera, Arramendi parez pare bestera, baita txukun zaindutako moja Agustindarren baratze emankorra ondo-ondoan ere, eta inguruaren lasaitasunak sormenerako bide ematen duen zalantzarik ez da. Haurrentzako moja Agustindarren eskola izan zena, kultur eta sormen arloko jarduera ekonomikoak sustatzeko egoitza bilakatu dute orain.
Esti Susperregi Zabalo Oarsoaldea Garapen Agentziaren Ekonomia eta Lurralde Garapenerako sailaren teknikaria da proiektuaren arduraduna. «Agustinak Zentroa kultura eta sormen industrien esparruan proiektu ekonomikoak sustatzeko zentroa da», azaldu du. Datu bat ere eman du, hogei lanposturako aurreikusitako lekua du zentro berriak, eta gaur-gaurkoz zortzi proiektu ari dira bertako epelean egosten, sendotzen edota finkatzen; izan ere, proiektu bakoitzak bere bidea du, eta ez dira denak puntu berean. Lau ekintzaile daude lehen pisuan kokatuta, ehungintza eta bitxigintzara begira ondutako gela handian; beste laurak bigarren solairuan ari dira, publizitatean, 3Dn eta marketinean. Lehen solairu horretan ari direnak ehungintzan ari dira, eta ari diren zortziak, berriz, Torrekuatik heldu dira ateak zabaldu berri dituen zentrora.
Behin martxan jarrita, oraindik ere libre dauden espazioak betetzea dute orain egitekoa, eta horri begira, gonbita egin diete kultur eta sormen arloan ari diren ekintzaileei bertaratu eta ezagutu dezaten, lehen eskutik. Baldintza honakoa: «Jarduera ekonomiko baten asmoa duen kultura eta sormen proiektua izatea esku artean».
Asko izan direla informazio bila jo dutenak esan du Susperregik. «Gehien-gehienak ikus-entzunezkoen proiektuetan ari direnak izan dira, baita arte eszenikoekin zerikusia duten proiektuetan ari direnak ere». Agustinak Zentroak zer emango dien galdetuta, argi esan du arduradunak: «Inkubagailua da batetik, baina prozesu osoa hartu eta bide oso horretan, unean-unean sortzen diren beharrei erantzuteko tresnak jarriko ditugu haien eskura. Hau da, kultur eta sormen arloko ekintzaile bat etortzen denean puntu ezberdin batean heldu daiteke guregana. Batzuk informazioa baino ez dute beharko; beste batzuk, berriz, proiektua hasia izango dute baina ez aurrera ez atzera egon daitezke; edota momentu batean ongi zihoan jarduera ekonomikoaren salmentak jaitsi egin dira… Proiektuak banan-banan aztertu eta bide orria egiten dugu, lanerako espazioak eta aholkularitza pertsonalizatua eskainita».
Prozesu osoaren behatzaile
Torrekua eta Agustinak Zentroaren arteko desberdintasunak zeintzuk diren galdetuta, bien arteko aldeak aletu ditu arduradunak: «Torrekuak diziplina batzuekin lan egiteko aukera baino ez zigun ematen, ehungintza, bitxigintza eta coworking sortzailea —bideojoko enpresak, arkitekturarekin lotutakoak, ikus-entzunezkoak, kazetariak…—. Agustinak Zentroan diziplina gehiagorekin landu dezakegu elkarlana; sektorea trakzionatzen duten eragileekin elkarlanean aritu nahi dugu, dantza garaikidea sustatzen duen Dantzaz-ekin, Musika Bulegoarekin, edo Eide Euskal Herriko Diseinatzaile Elkartearekin».
«Proiektuak aztertu eta bide orria egiten dugu, lanerako espazioak eta aholkularitza eskainita»
«Egindako azterketak erakutsi zuen kultur
eta sormen sektorea estrategikoa
dela gurean»
Esti Susperregi Zabalo
Agustinak Zentroaren arduraduna
Proiektuen egonaldia ere ezberdina da batean edo bestean. Torrekuan hiru urtera artekoa zen epea: «Agustinak Zentroan proiektuaren egoeraren araberakoa izango da, batzuk denbora luzeagoa beharko dute eta, beste batzuk berriz, azkarrago egingo dute. Torrekua inkubagailua zen eta hori ere mantentzen dugu Agustinak Zentroan, baina inkubatze prozesuan ez dauden proiektuek ere badute lekua. Horretarako azelerazio eta finkatze programak txertatu ditugu, inkubagailua behar ez duten proiektuei begirakoak dira biak, sormen eta kultur arloan bide bat eginak duten proiektu ekonomikoei begirakoak, puntu batera heldu eta blokeatuta gelditu direnei erantzuteko. Baliabide batzuk ematen dizkiegu aterabide bat bilatzeko. Mentorizazioa izan daiteke, adibidez, baliabideetako bat. Guzti-guztiekin, banakako tutorizazioak egiten ditugu».
Horrela bada, Agustinak Zentroak, prozesu osoa egiteko baliabideak, hasi eta buka, eskaintzen ditu kultur eta sormen arloko jarduera ekonomikoa bideragarri egin nahi duen ekintzailearentzat. Proiektuak banan-banan begiratzea ezinbestekoa jo du teknikariak, «baina ez modu isolatuan sateliteak bailiran. Behar-beharrezkoa da ekosistema batean sartzea, elkarlanean aritzea, sarea sortzea, batak beste ikustea». Erreferentzialtasuna aipatu du horrekin lotuta Susperregik: «Egiten dudana nire lanbideaz bizitzeko nahikoa ez dela ohartzen banaiz, ikusi behar dut horretaz bizi direnak zer egiten ari diren, erreferenteak bilatu behar ditut».
Herrialdeko proiekzioa
Agustinak Zentroa espazioa da, eta garrantzitsua dela kultur eta sormen arloko jarduera ekonomikoan ari direnek proiektuak aurrera ateratzeko toki fisiko egokia izatea, baina batez ere, baliabideei egin die begirada teknikariak. «Agustinak Zentroa baliabide sorta da, kultura eta sormen arloan ari direnentzako topaleku, ikasgune eta inspirazio, eta besteak beste, prestakuntza, topaketa profesionalak, lanerako guneak, eta aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzuak eskaintzen ditu».
Kultur eta sormen arloan jarduera ekonomikoa abiatu edota dagoeneko martxan dutenentzat erreferentziazkoa izatearekin batera, gunea Errenteria-Oreretarentzat ekipamendu garrantzitsua da, ez da zalantzarik horretan: «Oarsoaldean egindako azterketa estrategikoak erakutsi zuen kultur eta sormen arloa sektore estrategikoa dela gurean. Zentroak posizionamendua ematen dio udalerriari eta Oarsoaldeari, baina helburua erreferentzialtasun hori herrialdera, Gipuzkoara eramatea da». Gipuzkoan, kultur eta sormen jarduera ekonomikoak sustatzeko ez dagoela halako beste zentrorik dio arduradunak. «Badaude kultura eta sormena bultzatzeko espazioak, edota arlo horretako jarduera ekonomikoa sustatzeko sortuak, baina gaur-gaurkoz ez dago Agustinak Zentroaren moduan kultur eta sormen arloko jarduera ekonomikoa sustatzeko proiektuei begirako eraikin oso bat». Sektore berean ari diren beste proiektuekin «osagarritasuna bilatzea» gakoa dela erantsi du, «eta hori da gure helburua ere, beste elkarte, espazio, eta eragileekin batera aritzea, elkarlana bilatzea proiektu hauek aurrera ateratzeko, Gipuzkoa oso txikia delako».
Helburu handi hori bezain garrantzitsua da, Susperregiren arabera, auzoarekin zentroak sortu duen harreman berezia: «Berebiziko garrantzia du Agustinak Zentroak tokiko komunitatean, auzoari eta herritarrei ateak ireki baitizkie. Eraikina eraldatzeak lorategia aisialdirako gune gisa irekitzea ahalbidetu du, eta laster taberna ere izango du —hilaren 20an, astelehenarekin, bukatuko da lizitazio epea—. Gainera, plaza bat sortu da erabiltzaile eta bisitarientzako topagune gisa». Zalantzarik ez du Susperregik. «Ekonomiaren motore den kultura eta sormen arloko jarduera ekonomikoa sustatzeko gako» izatearekin batera, auzoari ere eragingo dio, «Agustinak Zentroarekin auzoak espazio eder berri bat irabazi du».
Prekarietateari galga jarri
Tamalez, kultura eta sormen arloa prekarietatearekin estu lotuta daudela esan du Susperregik: «Egunerokotasun betea du prekarietateak sektorean, eta gainera, sektoreak berak normalizatu egin du egoera hori, prekarioa behar duela horretan aritzeagatik. Prekarietateari ateak ixtea ere bada gure egitekoa, eta horretan ari diren ekintzaile eta langileei azaldu diru laguntzak direla, baita bestelakoak ere, kultura eta sormena prekarietatearen uztarpetik ateratzeko».
Agustinak Zentroaren zerbitzuetara sartzeko eskaera bete behar da (egin klik hemen). Arduradunek proiektuaren egoera aztertuta bere beharretara egokitutako ibilbide eta laguntza orria eskainiko dute.
Informazio gehiagorako, postara mezua bidali behar dute egoiliar izan nahi dutenek eta postara ikastaroetarako. Bi kasuetan, 943 49 41 29 telefono zenbakira dei dezakete.