Renferen zerbitzuaren kalitatea "bermatzea" eta "zabaltzea" ezinbestekoa EH bildurentzat
Agerraldia egin dute gaur goizean Aizpea Otaegi, Adur Ezenarro, Mikel Arruti, Alba Garmendia eta Andoni Alvarez, Errenteria, Ordizia, Lezo, Ikaztegieta eta Andoaingo alkateek, hurrenez hurren, eta Oihana Briones Irungo EH Bilduko zinegotzia, eta Edurne Gonzalez Legazpiko EH Bilduko zinegotzia Renferen zerbitzuarekin kezkatuta.
Agerraldia egin dute gaur goizean EH Bilduko hainbat alkatek Renfek ematen duen zerbitzuarekin kezkatuta. Zehazki, Aizpea Otaegi, Adur Ezenarro, Mikel Arruti, Alba Garmendia eta Andoni Alvarez, Errenteria, Ordizia, Lezo, Ikaztegieta eta Andoaingo alkateak, hurrenez hurren, aritu dira garraiobideaz mintzatzen eta haren zerbitzuaren kalitatea bermatu eta zabaltzeko neurriak eskatzen.
Ezinbesteko jo du Errenteriako alkateak herrialdean mugikortasun iraunkor, irisgarri eta unibertsala bermatzeko, lurraldeko garraio publiko guztien arteko koordinazioa eta eraginkortasuna bermatzea.
Kexu Irun eta Brinkola arteko trenbideak eta azpiegitura gutxi berritu delako azken bi hamarkadetan, “egunero milaka gipuzkoarrek erabiltzen duten arren zerbitzu hau. oso inbertsio gutxi egin dituzte Adif, Renfe eta Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako ministerioak egitura hobetzeko”. Horren ondorioa erabiltzaileentzat begi bistakoak diren “gabeziak” eta “irisgarritasun arazo handiak”, Otaegiren hitzetan.
Atzera begira jarri da Errenteriako alkatea egoera berria ez dela nabarmen jartzeko. Izan ere, 2017tik etengabeak direla zerbitzu murrizketak Gipuzkoan jarri du lehen lerroan, “biztanle gehien bizi den Irun-Donostia ardatzean, Errenteria-Lezo eta Irun arteko trenbide bakarreko zirkulazioa ezartzearen ondorioz”. Datuak ere eman ditu, garbi erakusten dutenak zerbitzuaren kalitatea okertzen ari dela, “ordutik, egunero, 42 tren gutxiago daude Irun eta Errenteria artean eta distantzia ertaineko 8 gutxiago Gasteiz eta Irun-Donostia artean”.
Zerbitzu defizitarioaren adibide gehiago ere jarri ditu: “Maiz ematen diren matxuren ondorioz, ohikoa bihurtu da tren zerbitzua bertan behera gelditzea aurreabisurik gabe, edo minutu askoren atzerapenarekin ibiltzea”.
Trena eta horien materialen egoera ere jomugan gaurko agerraldian EH Bilduren ordezkariek, ezinbestean, flota “erabat zaharkituta” dagoen zalantzarik ez dutelako, “35 urtetik gora dituzte gehien-gehienek, eta geltokiak ez daude erabiltzaile guztientzat egokituta”.
Konfiantza galtzea
Egoera horrek guztiak, ezinbestean, erabiltzaileen konfiantza galtzea eragin duela esan du Otaegik, “ulergarria” dela gaineratzeko, “garraio publikoa fidagarria ez bada, zertarako balio du, zer zerbitzu mota da trena izango ote den ez dakizuna. edota zure helmugara garaiz iristea bermatuko ez dizuna?”.
Zaila bazen egoera “eragozpenak” gehitu zaizkiola orain esan du, gainera: “Apirilaren 29tik aldi baterako bide bakarra ezarri da Donostiako eta Hernaniko geltokien artean ere. Ondorioz, lehendik ere Irun eta Errenteria artean bide bakarra genuela kontuan hartuta, zerbitzuaren kalitatea gainbehera dator eta gero eta kaxkarragoa da”.
Arazo denen ondorioz, trenaren erabiltzaileek askoz ere denbora gehiago behar dutela ibilbide bera egiteko azaldu du Errenteriako alkateak; hori baieztatzen duten datuak eman ditu, zehatzak. “2016an Irun-Brinkola ibilbidea egiteko ordu bat eta erdi behar baldin bazen, 2017tik aurtengo apirilaren 29ra arte ordu eta 45 minutu behar ziren; 29tik aurrera, berriz, bi ordu gutxienez”.
Argi dute guztiek herrialdearentzat eta gipuzkoarrentzat mugikortasun jasangarria bermatu nahi badute garraio publikoak ezin duela okerrera egin, “etengabe hobetzea ezinbestekoa da erabiltzaileen konfiantza berreskuratzeko”. Horretarako eskaintzen den zerbitzua bermatzea ezinbestekoa dela esan dute, “beharrezkoak diren lanak modu egokian eginez, trenen mantentze lanak indartuz, eta unitate berriak martxan jarriz”.
Eskutitzak Espainiako Garraio eta Mugikortasun jasangarrirako ministroari
Egoerarekin kezkatuta udalerri asko-askotan azken hilabeteetan mozioak onartu dituztela ekarri dute gogora, bestalde, gaurko agerraldian, zerbitzuaren arduradunei haren gainbehera eten dezatela eskatuz.
Orain urrats bat gehiago egingo dutela iragarri dute Renfek zerbitzu egokia eman dezan eskatzeko: “Gaur hemen gauden alkateok eskutitz bana bidaliko diogu Espainiako Garraio eta Mugikortasun jasangarrirako ministroari egoera onartezina dela adieraziz, eta Irun-Brinkola arteko aldiriko zein distantzia erdiko lineetan eskaintzen den zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak urgentziaz berma ditzala eskatuz”.
Alkateek udaletan hartuko dituzten neurriez gain EH Bilduren Espainiako Senatuko, Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek hartuko dituztenak. Azaldu dutenez, senatuan, ahozko galdera egingo diote Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako ministroari garraio batzordean, egoeraren gainean kontuak eskatu eta galdetzeko zein neurri hartzeko asmoa duen. aurrez, hilabete hasieran, idatzizko galderak erregistratu zituela EH Bilduk senatuan azaldu dute gaurko agerraldian. Gipuzkoako Batzar Nagusitan, berriz, Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuari alternatibak martxan jar ditzala eskatuko diotela azaldu dute, eta, ekainaren 5eko osoko bilkuran, ebazpen proposamena landuko dela.
Eusko Legebiltzarrari azkenik, eskatuko diote bere gain har dezala Renferen eskumena 2027ara begira.