Gipuzkoa Bertsotan-en bigarren fasean da Emaitz Murua
Bigarren faseko saioa hilaren 25ean (larunbata) izango du oreretarrrak, Antzuolako Torresoroa antzokian.
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketaren bigarren fasera sailkatu da Emaitz Murua Arzallus oreretarra. Bertsolaritza lehia horren barruko lehen faseko saioa apirilaren 25ean egin zuen, Eskoriatzan. Han lortutako 312,5 puntuengatik, A multzoko 16. izan da Xenpelar Bertso Eskolako kidea, eta horregatik pasa da bigarren fasera. Lehen fase horretan Oarsoaldeko beste hiru bertsolarik hasi zuten bidea: Kepa Isasi Salaberria sanjuandarrak, eta Axier Bergaretxe Gezala nahiz Josu Ibarguren Elosegi oiartzuarrek. Azken hiru horiek ez dute lortzerik izan bigarren faserako txartela.
Gipuzkoa Bertsotan, udazkenean egitekoa den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkatze fase antzekoa da. Hala, 74 bertsolarik hasi zuten lehen faseko bidea, eta A eta B multzoetako sailkapenen araberako 48k egin dute bigarren fasera aurrera. Orain, bigarren txandaren barruan zortzi saio egingo dituzte, eta horietan onenen diren 34 bertsolariek lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela. Gipuzkoan Bertsotan-etik aurrera egingo duten horiek, azken Gipuzkoako Txapelketan (2019an izan zen) finalerdietan izan zirenekin egingo dute bat udazkeneko herrialdeko txapelketa nagusian.
Bigarren faseko saioa hilaren 25ean jokatuko du oreretarrak, 17:00etan, Antzuolako Torresoroa antzokian. Harekin batera Beñat Iguaran Amondarain (Amasa-Villabona), Haizea Arana Cardenal (Eskoriatza), Manex Astigarraga Bergara (Deba), Manex Mujika Amunarriz (Donostia) eta Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza) izango dira oholtzan.