Hiru esku hartze plan ondu dituzte ikasleek agenda 2030 programa barruan
Oinbusa, herriko puntu ilunen azterketa, eta energia berriztagarriak eta komunitate energetikoen gaineko esku hartze planak osatu dituzte eta gaur aurkeztu emaitza.
Eskola Agenda 2030 programaren barruan udal foroa egin dute gaur Errenteria-Oreretako ikastetxeetako ikasleek. Iazko ikasturtean energia eskuragarri eta ez kutsatzailea aukeratu zuten lanerako gai gisa, eta Energia, bizitzaren motorra leloan oinarrituta, gaiaren gaineko diagnostikoa egin zuten ikasturte osoan zehar. Diagnostiko horrek emandako ondorioekin, berriz, aurtengo ikasturtean zehaztutako lehentasunetatik abiatuta, esku hartze plana diseinatu eta gauzatu dute.
Horren berri eman diote gaur Aizpea Otaegi alkateari udaletxeko pleno aretoan ikasleek.
Esku hartzeak hiru dira: Oinbusa, herriko puntu ilunen azterketa, eta energia berriztagarriak eta komunitate energetikoak.
Oinbusaren edo Eskolara oinez lanketaren atzean, Bizarain Ikastolako, Cristobal Gamon eta Telleri aldeko Lehen Hezkuntzako ikasleak aritu dira. Horien ordezkaritza batek azaldu ditu esku hartze planaren nondik norakoak. Azken ikasturteetan errepikatzen den egoera batetik sortu zen proiektuaren ideia, izan ere, gero eta gehiago omen dira joan etorriak autoz egiten dituztenak ikastetxe sarrera-irteeretan arazoak sortuz. Hausnarketa eginda, eskolarako bidea oinez egitea egokiagoa litzatekeela erabaki zuten.
Oinbusaren abantailak zehaztu dituzte esku hartzea aurkeztu duten ikasleek: “Kutsadura eta arriskuak murrizten dira, auzoa ezagutzeko aukera ematen du, lagunen artean bidea eginda harremanak hobetu egiten dira, eta kirola egiteko aitzakia ere bada”. Hori aurrera ateratzeko baina, ezinbestekoak dituzte laguntzaileek, eta horretarako, gutuna helarazi zieten gurasoei haiek inplikatu asmoz. Ikastetxera iristeko erabiltzen dituzten bideak planora eraman dituzte Oinbusak nondik igaro beharko lukeen zehaztuz.
Errenteria-Oreretako Oinbusaren logoa ere sortu dute, horretarako lehiaketa eginda. Oinbusak auzo bakoitzean non egingo dituen geldialdiak ikasleek elkarrekin egin dezaten bidea ere erabaki dute, eta orain seinalitika ezartzea eskatu dute. Ekainaren lehenengo astean proba egingo dute , “orduan ikusiko ditugu sor daitezkeen zailtasunak eta egokitzen joango gara, datorren ikasturteari begira”.
Puntu ilunen azterketa
Herriko hainbat eremuetan argiztapena ez dela egokia ondorioztatu zuten iaz egindako lanketaren bidez ikasleek. gaian sakondu dute orain, eta bigarren esku hartzea horrekin lotuta egin dute. Sakonean aztertzeko, galdetegia sortu dute herritarrei egiteko, “673 erantzun jaso genituen, eta kalera ere atera ginen herritarren iritziak jasotzeko. Erantzun dutenen erdiek diote argitasun gehiago beharko luketela auzoan, eta %66 uste du erabilgarriak izan daitezkeela sentsore bidezko argiak”.
Iluntasunak beldurra ematen duela erantzun zuen gainera galdekatuen %66k. Puntu ilunen arazoaren konponbidea inkestatuen %60aren arabera argitasun gehiago jartzearekin konponduko litzateke.
Hirugarren esku hartzea, berriz, energia berriztagarriekin eta komunitate energetikoekin egin dute. Ekiherri energia komunitatearen berri izan zuten ikasleek iaz, eta horretan sakondu eta hura sustatzea da orain planteatzen dutena. Horretarako, komunitate energetikoaren gainean herritarrak informatzea izango da ikasleen lana, eta kalera irtengo dira ekainaren 10ean Zumardian egiten den azoka txikia baliatuta, herritarren artean informazioa zabaltzeko.
Adi jarraitu ditu Otaegik ikasleek proposatutakoak eta eskertu egin die ikasturtean zehar egin duten “lan handia”: “Hemen entzundakoak jaso eta bideratzea dagokigu orain zuen proposatutako esku hartzeetan laguntzeko”.