Krosa eta herri afaria Gaztañoko jaietako bigarren egunean
Afarirako txartelak eta jaietako kamisetak salgai direla gogorarazi du Gaztañoko jai batzordeak.
Tantaka ari da Gaztañoko jai batzordea aurtengo jaien egitarauaren berri ematen, dosi txikietan. Ekainaren 14tik 16ra egingo dituzte festak Gaztañoko errepublika independente eta intsumituan. Orain, larunbatean, ekainaren 15ean antolatu dituztenen berri zabaldu dute.
Egunaren ekitaldi nagusienetakoa, nagusiena ez bada, Gaztañoko krosa da. Aurten 11. aldia izango du herri lasterketa horrek, eta parte hartzaileak Gaztañon ibiliko dira maldan gora eta behera auzoa zeharkatzen 10:30ean hasita. Txikienek ere izango dute korri egin eta lehiatzeko aukera; haiei begira, haur krosa antolatu du jai batzordeak , hamargarrenez. Nagusiena bukatzen denean hasiko dira txikienak lasterka. Gaztañoko Krosean izena emateko egin klik hemen.
Egunaren beste hitzordu garrantzitsua gau partean helduko da. Orduan egingo dute mozorro herri afaria. Aurtengo gaia, euskal mitologia dela gogorarazi du jai batzordeak, eta hortaz, gai horrekin lotutako mozorroekin bertaratzeko eskaera egin die afarira animatzen direnei. Txartelak salgai dira jada, 12 euroan. Garaiz ibiltzeko lekurik gabe geldi ez daitezen, hori jai batzordearen aholkua afariarekin gozatu nahi dutenentzat.
Bide batez, jaietako kamisetak ere salgai direla gogorarazi dute. Horien prezioa, 10 euro. Eskuratzeko berriz, hilaren 23 eta 24an eta 27rtik 31ra auzo lokalean, 19:00etatik 21:00etara.
Egitaraura itzulita, Gaztañoko jaietan ia Maritxu Sorgina bezain klasiko bilakatu den DJ Bull ezin aipatu gabe utzi. Berak jarriko du musika eta giroa, ziur, auzoko plazan.
Larunbata, 15
- 10:30: Gaztañoko Kros Herrikoia.
- Ondoren, X. Haur Krosa, eta sariak banatzerakoan pintxo potea.
- Ondoren bizikleta ginkana haurrentzako Gurpilartearen eskutik. Bizikleta eta kaskoa eraman behar dira.
- 16:00: Mus Txapelketa.
- 17:00: Haur jolasak gaztetxean eta herri kirolak auzo lokalaren ondoan.
- 20:00: Bixkor txaranga.
- 21:00: Mozorro herri afaria erabilera anitzeko gunean, Euskal Mitologia gaiarekin.
- 23:00: Kontzertua gaztetxean, Bad sound System eta Bisaiak taldeekin.
- 01:00: DJ Bull plazan.