Bost urte feminismotik ahalduntzen
Urteurrena ospatzeko festa antolatu du Emakumeen Etxeak ekainaren 7an, ostiralarekin.
2019ko martxoan zabaldu zituen ateak Errenteria-Oreretako Emakumeen Etxeak, eta dagoeneko bost urte bete ditu. Hamaika tailer, hitzaldi, ekitaldi, eta ikuskizun hartu ditu ateak zabaldu zituenetik, guzti-guztiak herriko, zein inguruetako emakumeak ahaldundu eta espazio seguru bezain goxoa eta abegikorra eskaintzeko.
Helburua zuen erreferentea izatea herriko emakumeentzat, eta zalantzarik ez da aspaldian bete zuela egiteko hori Txirrita parkeko ahizpatasun eremuak.
Urteurrena merezi moduan ospatuko dute orain. Ekainaren 7an jarri dute zita horretarako, ostirala, 18:30etik 22:00etara. Ongietorriarekin hasiko dute festa, eta ondoren Emakumeen Etxeko hainbat taldek euren bizipenen berri emango dute, eta mokaduez gozatzeko aukera izango da 19:30etik aurrera.
Musika ezinbestekoa da festa batean, eta Emakumeen Etxearen urteurrenean DJ Txankletak jarriko du doinua 20:00etan hasita, baina bertaratzen diren ausartenek ere, karaoke saioa ere izango baita.
Urteurren festa ez da izango ekainerako Emakumeen etxeak antolatuko duen ekitaldi bakarra. Sos Arrazakeriako etxeko langileen taldearen erakusketarekin abiatuko baitu hileko programazioa. Las huellas de lo invisible erakusketa ekainaren 4tik 14ra izango da zabalik, eta astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara eta astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara bisitatu ahalko da.
Collage artearen eta gogoetaren bidez etxeko langileen kolektiboak dituen erronkak eta bizitza istorioak bildu ditu erakusketara, baina baita ere, etorkizunari begira jarri. Gogoetarako gonbita da erakusketa etxeko zaintzaren inguruan ekintza politikorako deia.
Emakumeen Etxeak astelene eta ostiraletan 09::00etatik 13:00etara ditu ateak zabalik, eta asteartetik ostegunera, berriz, 16:00etatik 20:00etara. Harremanetarako, berriz, 943 44 96 30 telefono zenbakira dei daiteke, edota posta elektronikora mezua bidali (Egin klik hemen).