Egoitzen auzian bide instituzionala zabaldu dute
Astelehenean Duintasunak egingo duen mobilizazioarekin itxiko dute lehen fasea. Hilabeteko epea emango dute aldundiak adinekoen egoitzetan egoera hobetu dezan.
Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza adinekoen egoitzetan langile eta egoiliarrek bizi duten egoera kaxkarraren berri duela hilabete eta erdi eman zuten. Ez da berria gaia, 2019an langileek salatu zutelako dagoeneko langile falta eta horrek zaintzaren kalitatean zuen eragin kaltegarria. Langileek eta egoiliarren senideen kontaketak, agertoki kezkagarria erakutsi du bi egoitzetan, eta berehala sortu zuten hainbat herri eragilek sarea zaintza publiko unibertsal kalitatezkoa bermatzea exijitzeko. Manifestazioak, batzarrak, elkarretaratzeak, bilerak… mobilizazioen bideari ekin zioten, eta horretan aritu dira gizagabea den egoera herritarren artean sozializatu eta ahalik eta azkarren irtenbide bat emateko.
Asteartean Sanmarkosenen egin zuten elkarretaratzea astero bezala, eta gaur berriz, Jesusen Bihotza erresidentzia aurrean. Horiek izango dira momentuz bi egoitzen aurrean egingo dituzten azken elkarretaratzeak. izan ere. astelehenean Duintasunak egingo duen hileko lehen asteko mobilizazioarekin egoitzen gainean egiten ari diren lanketaren lehen fasea itxiko dute.
Hala azaldu du Javier Sanz Duintasuna elkarteko kideak HITZAri egindako adierazpenetan: “Bide instituzionala zabaldu dugu orain, eta hilabeteko epea emango dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzuna eman eta egoera konpontzeko bidea hasteko zaintza publiko duina bermatzeko. alderdi politikoek zein bide hartzen duten ere ikusiko dugu epe horretan”.
Epe hori pasata, aldundiarekin eta alderdi politikoekin biltzeko asmoa azaldu dute zaintzaren gaiaren gaineko lanketa egiten ari diren Errenteria-Oreretako eragileek: “Ekaina amaiera edo uztaila hasieran egin nahi dugu bilera hori. Gainera publiko egingo dugu zein urratsa egin dituzten, bateren bat egin badute”.
Asteartean eragileek gaiaren gainean aurkeztutako mozioa aurrera atera zen EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoekin. EAJk kontra egin zuen eta PPko zinegotziak berriz, abstentzioa. Pleno horren amaieran zabaldutako mezu bera zabaldu du gaur ere eragileen izenean mintzatu den Sanzek, “aurrera urratsik ez badute egiten, mobilizazio eta protesten bidea zabalduko dugu berriro, egoera benetan gizagabea delako”.
Duintasunak asteleheneko mobilizazioarekin bat egitera deitu ditu herritarrak, lehen lerroan jarrita enegarrenez zaintza eskubidea herritar orori eragiten dion kontua dela: “ezinbestekoa da zaintza publiko unibertsal duina bermatzea”. Zita, hileko lehen asteleheneroko bera, 11:00etan Herriko Plazan. Pentsiodunekin batera, egoitzetako langileek ere bat egingo dute mobilizazioarekin.