Etxebizitza tasatuen zozketan parte hartzeko zerrenda argitaratu da
Altzibarreko 12 bizitokien zozketan parte hartzeko, 232 eskaera egin dira, eta 135 onartu. Zerrenda behin behinekoa da, eta alegazioak egiteko aukera egongo da.
Asteazkeneko udalbatzarrean Altzibarren eraikitzen ari diren 12 etxebizitza tasatuetan parte hartzeko zerrenda onartu zuten. Guztira, 232 herritarrek egin zuten eskaria, eta baldintza guztiak betetzen dituzten 135 eskari onartu dituzte.
Baztertu dituzten eskaerak hainbat baldintzengatik bota dituzte atzera: Oiartzunen erroldatuta ez egotea, beste etxebizitza bat edukitzea, diru sarreren muga ez betetzea… Onartuen kasuan, hainbat zerrenda osatuko dituzte: hiru bizikidetza unitateren artean zozketatuko da desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza, bi gelako sei etxebizitzen zozketan 127 bizikidetza unitate sartuko dira; eta, hiru gelako bost etxeen zozketan, bost bizikidetza unitate.
Onartu eta baztertuen zerrenda behin behinekoa da, eta interesdunek 15 egun naturaleko epea izango dute alegazioak aurkezteko. Zozketa, honenbestez, alegazioak jaso eta aztertu eta behin betiko zerrenda onartzen denean egingo dute. Zozketa publikoa izango da.