Ezohikotasunaren gainean eraiki dute aurtengo Eztena Jaialdia
Hamar ikuskizun eta hiru tailerrez osatutako egitarau dakar Eztena jaialdiaren hamaseigarrenean, ezohikoa oinarri hartuta.
Arriskua maite dute, hegemonikotik baztertuta bidezidorretatik barrena egindako sorkuntza ausarta. Bide horietan dabiltzanentzat plaza bilakatuko da, hamaseigarrenez, Eztena Jaialdia. Atzo aurkeztu zuen aurtengo ekitaldia haren antolatzaile den Zizt! Kultur Elkarteak; Errenteriako Udala eta eztenakideak lagun ondu dute aurtengo egitarau oparo bezain interesgarria.
Oinarrian, bestelakotasuna, ezohikoa. Kontzeptu filosofiko horretaz baliatu dira aurtengo jaialdiaren izaera definitzeko. Oinarri horren gainean eraiki dute Eztenaren XVI. aldia, eta ekainaren 6tik 9ra arte, hamar ikuskizun eta hiru tailerrez osatutako egitaraua jarri herritarren eskura. Emanaldi guztiak Errenteria-Oreretako agertokietan egingo dituzte: Lekuona Fabrikan, Niessen Kulturguneko entsegu gelan, eta eraikin bereko auditorioan.
Aurkezpen agerraldian jaialdiaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta gogora ekarri duela 14 urte sortu zutela helburu zehatzekin: “Edukietan, formetan zein antolakuntza moduetan arriskuak hartzen zituztenei plaza bat eskaintzea”. Nabarmen jarri dute halaber, iaz, ordura arte Eztena jaialdiko antolakuntzan aritu ziren eskarmentudunek esperimentu berria egitea erabaki zutela: arte eszenikoen bueltan ari diren hainbat gazteri pasa zieten iazko Eztena martxan jartzeko ardura. Ez zuten, antza, batere gaizki egin gazte horiek, aurtengoa beteranoen eta gazte horien arteko fusioaren emaitza izango delako.
Egitaraua ere aletu zuten atzoko agerraldian: “aurtengoa nabarmen queerra atera da. Identitate berriak eta giro ez mainstreama —konbentzionala— biltzen dituzten emankizunak izango dira jaialdian. Ikuskizun eta tailer denek komunean duten ezaugarria izango da ezohikoarena” . Artista gonbidatuen zerrenda, anitza, “artista eta ikuskizun denek biltzen dute euren baitan ezohikoa den esentzia bat, ez absolutua, ez zentrikoa, ez kanonikoa. Bestelakoak dira; izaera propiodunak, bazterragokoak, guretzako interesgarriagoak”. Gaineratu dutenez, Eztenak bat egingo du Francisaldia jaialdiarekin, eta horrenbestez, egitarauko tailerretako batzuk elkarlanean eskainiko dituzte.
Tailerrak
Jaialdiaren barruan hiru tailer antolatu dituzte. Parte hartu nahi dutenek, ekainaren 3ra arte, astelehena, izango dute izena emateko epea. Izena emateko egin klik hemen.
Drag ikastaroa izango da lehena. Sara Segoviak emango du eta bertan, drag diziplinaren aukera anitzetan murgilduko dira parte hartzaileak dinamika, objektuen lanketa, clowna, eta burlesquearen bitartez. Bidean makillajearekin jolastuko dira besteak beste, eta ikastoaroan zehar sortzen den kolektiboak behar duen beste edozerekin ere. Gorputz guztientzako toki segurua izango da ikastaroa eta ekainaren 6, 7 eta 8an egingo dute Niessen Kulturguneko entsegu gelan 10:00etatik 14:00etara.
Pasarela gainean desfilatzen ikasiko dute, dantza pausuak segurtasunez ibiltzeko estrategia performatibo gisa, ahalduntzeko eta ikusarazteko tresna gisa, Caminar-Vogue ikastaroan parte hartzen dutenek. Kiki House of Annunnakik gidatutako tailerrarekin batera, Ballroom ezenari buruzko bideoproiekzioak landuko dituzte. Ekainaren 6an izango da hori, 16:00etatik 18:00etara Dantzagunean.
Hirugarren tailerra, ikusezinaren dantza, Butoh, Ainhoa Alberdik gidatuta. “Gorputzaren iluntasunera bidaiatuko dugu, bertan ezkutatzen diren bizitza zatiak, zelulen memorian gordeta dugun dantza galdua, umetokiaren barnean ikasi genuen jatorrizko dantza entzuteko. Norbere ametsa dantzatuko dugu, era berean besteen ametsetako pertsonaia bilakatuz”, azaldu dute. Groteskoa eta sotilaren arteko bidaia izango da, “dantza arinago eta sustraituagorantz”. Tailer hori ekainaren 8 eta 9an izango da 10:00etatik 14:00etara Dantzagunean.
Ikuskizunen egitaraua beheko zerrenda ikus daiteke.
- Ekainak 6, osteguna: Belarriprest antzezlana. 19:00etan Niessen Auditorioan. Amaia Bonoren antzerkia, euskaraz.
Sinopsia: Identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografía… Hori guztia euskaldun berrien kontakizunetik, eta hizkuntzaren analisitik. Ondoren: Popperra, afterra, utopia (Spoken word, Musika / Euskaraz) Danele Sarriugarte eta Miren Narbaiza . Sinopsia: Hitza eta soinua uztartzen dituen emanaldia. Hitzek eta musikak batasun bat osatzen dute. Piezaren abiapuntua etorkizuna izan bazen ere, beste hainbat gai agertzen dira bertan: dolua, dantza, popperra, afterra, irudimena, lagunak. - Ekainak 7, ostirala: Camina, baila y brilla. 18:00etan Lekuona Fabrikan. Kiki House of Anunnakiren eskutik. Sinopsia: Aktibista deskoloniala, feminista, queer, ez-binario, Nefertiti Anunnakik bere politika bezain ernaia den praktika artistiko bat eraikitzen du. Ballroom-etik hasi eta jaialdi alternatibo edo espazio instituzionaletaraino, bere emanaldiak eta hitzaldiak intersekzionalak dira beti, edonora doan dantza-pista deskolonizatzen du, bere politika dantzatuz eta bere dantza politizatuz. Ondoren: mahai ingurua: Kiki House Of Anunnaki Francisaldiaren barruan. Sinopsia: Kiki kultura eta Errenteria-Oreretako LGTBIQ+ kolektiboaren egungo errealitatea.
- Ekainak 7, ostirala: Gori Gori (Ainara Gurrutxaga & Ander Fernández) Aurkezpen kontzertua. 20:30etan Lekuona Fabrika. Sinopsia: Hemen gertatu dena da Ainara eta Anderrek kotxez bidaia bat egin zutela eta bidaia horretan Anderrek esan ziola Ainarari musika berria sortzeko gogoa zuela. Orduan Ainarak esan zion justu letra batzuk bazituela buruan, gai batzuk kolpatzen ziotela burua. Biak ondorioztatu zuten ideia ona zela elkartzea. Azken batean aspaldiko lagunak ziren…
- Ekainak 8, larunbata: Muñeca supernatural performancea Antiki TKMren eskutik, gaztelaniaz, 19:00etan Niessen Kulturguneko entsegu gelan. Sinopsia: Panpin zuritu bat, bihotza maitasunak hautsia, itsas ertzera doa ilargiaren argitan barrena bere bidea bilatzeko. Ozeanoaren sakonean murgildurik, apurka-apurka bere botereak eta barnean gordetzen duen indarra berreskuratzen ditu. Ondoren: Sare Segovia Is MR. G Performancea, gaztelaniaz. Mr. Gk bere krabelin eta bibotez beteriko drag mundura gonbidatzen zaituzte. Absurdua da eta xarmangarria da, erraldoia da baina berez oso txikia da, arriskutsua da baina berez ez da. Gadget inspektoretik hasita Raphaeleraino, sekula ikusi gabeko drag king-a.
- Ekainak 8, larunbata: Nos Pegan! musika eta performance ikuskizuna, las Maricarmenen eskutik, 22:00etan Lekuona Fabrikan. Gaztelaniaz. Sinopsia: Las Marikarmen Katalunian 2020. urtean jaio zen banda neupunk-queer bat da. Taldea hiru musikari eta performerrek osatzen dute: Hipogrifa (Gasteiz), Victoria Sickness (Leganes) eta Contamina Perpeetua (generorik gabeko planeta ezezaguna). Haien kontzertuan bere amaren, Lady Marikarmenen, hiletara emango dizuete ongi etorria guztiok batera bere legatu transfeminista ospatzeko.
- Ekainak 9, igandea: Ixa Bella Piztia, ainhoa Alberdiren eskutik, 18:00etan Niessen Kulturguneko entsegu gelan. (Butoh dantza) Sinopsia: Ikusi nuen piztia josteko makinari katez loturik. Usaindu nion beldurra. Erori zitzaidan dorrea gainera. Teilatuetatik ihesi atera zen animalia. Teila hautsiak utziz atzean. Teila hautsiez urratuak ditut hanka azpiak, nire odola piztia harena da.
- Ekainak 9, igandea: One night at the golden bar antzezlana, Alberto Cortesen ekutik, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Gaztelaniaz. Sinopsia: One night at the golden bar deitu diot nire burua ahultzeko esperientziari, aldi berean cursi, itxurati, desfasatu eta queer den maitasun deklarazio horretan agertzen den edertasuna aurkitzea helburu. Estasiatik eta erromantikotasunetik idazten ari nintzela, hizlaria agertu zen, eta ahots kantatuaren eta musikatuaren ikerketa; labur esanda, afektuen hauskortasuna agerian utziko zuen kantu bat aurkitu nahi nuen, begirada marikatik.