'Erraldoi erraldoiak' familia osoarentzako musika ikuskizuna, larunbatean
Karmele Mitxelenaren ipuinean oinarritutako ikuskizuna da, eta herriko musikari zein erraldoiek hartuko dute parte.
Datorren larunbatean, hilak 8, Erraldoi Erraldoiak familiei zuzendutako musika ikuskizuna taularatuko dute Landetxeko auditorioan. 16:30ean hasiko da emanaldia.
Karmele Mitxelenaren Erraldoi Erraldoiak. Oiartzungo erraldoi txikiak ipuinean oinarritutako ikuskizuna da. Hiru arlo uztartuko ditu emanaldiak: ipuin kontalariaren ahotsa, musika eta herriko erraldoi txikien konpartsen dantzak.
Mitxelena bera arituko da kontalari lanetan, eta berarekin izango dira Errege Balda akordeoilaria, Ilargi Ziaurritz eta Mikel Ortiz dultzaineroak eta Ibargaingo irakasle eta ikasleak.
Oiartzungo Erraldoi Txikien konpartsa da jatorrizko ipuineko protagonistetako bat. Horregatik, dantza egitera igoko dira Kiñu, Arkotx, Blenda eta Arraxku erraldoi txikiak.
Karmele Mitxelenak idatzi zuen liburua, eta Naiara ahizpak egin zituen ilustrazioak. Horrela azaldu du emankizuna idazleak berak: “Garena baino txikiagoak sentitzen gara askotan; gutxitan, garena baino handiagoak. Emanaldi honek ere badu txikitik zein handitik, txikitik handirako bidaia erraldoia baita. Zuzeneko musika eta ahotsekin lagundutako ipuin kontaketa dramatizatua familia osoarentzat”.