Madalensoro ostiralean betetzera deitu dute, Oiartzungo pilotariak animatzeko
Esku huskako Herriartekoaren final laurdenetako itzuliko partidak jokatuko dituzte ostiral arratsaldean. Harmailak bete nahi dituzte.
Oiartzun esku huskako Herriartekoan ordezkatzen duten pilotariek ostiral arratsaldean jokatuko dituzte final laurdenetako itzuliko partidak. Kadete, jubenil eta senior mailetako norgehiagokak 18:00etan hasiko dira, Madalensoron.
Pilotarien klubak —Oiarpek— deialdia egin die oiartzuarrei, herriko frontoiko harmailak bete ditzaten. Arratsaldea girotzeko asmoz, Oiarpek taberna jarriko duela iragarri du.
Hernaniren kontra arituko dira, finalerako txartela lortzeko. Pasa den ostiralean jokatu zituzten joaneko norgehiagokak, eta Oiartzunek abantaila lortu du, kadete eta jubeniletako partidak irabazita. Hamazazpi tantoko aldea dute oiartzuarrek. Herrikideen bultzadarekin, ziur finalerdietara iristea errazago izango dutela.
Oiartzun egungo txapelduna da, iazkoa Azpeitiari irabazita. 2022an ere final bera jokatu zen, eta oiartzuarrak izan ziren onenak. Hirugarrena erreskadan —eta laugarrena zenbagailu globalean— nahi dute.