Arkatz labur bat 'hika', antzerki sormenaren jaialdiaren iragarle
Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketarako kartela Francisco Javier Irigarai gasteiztarrarena da, lehiaketa irabazita.
Ezker eskuin, Hika Teatroko kide Nagore Martinez eta Agurtzane Intxaurraga, nahiz udalaren ordezkariak: Aitzol Saizar (Kultura zinegotzia) eta Xanti Val (Kultura teknikaria). Argazkia: Garazi Agirresarobe. 
Egilea: Francisco Javier Irigarai.
Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketa forma hartzen hasi da. Batetik, sormen iturri izango denak jada badu lau haizetara zabaltzeko kartela. Bestetik, gaur bertan zabaldu da herriaren eta antzerkiaren arteko lotura are gehiago estutu duen egitasmorako lanak aurkezteko epea. Bata eta bestearen berri emateko agerraldia egin dute gaur Hika Teatroko Nagore Martinez eta Agurtzane Intxaurragak, nahiz Aitzol Saizar Kultura zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak. Valek azaldu du, kartelen egitasmoak berez antzerki testu laburren lehiaketak duen sormen izaera indartu egin duela, eta hala, jada Lezo arte eszenikoetan erreferentzia bada urteko programazio iraunkorragatik, bai kartelen nahiz testu laburren lehiaketek are zentralitate handiagoa ematen diotela herriak sormenaren eszenan duen indar eta eraginari. Lezoko Udala eta Hika Teatroa dira sormen egitasmoaren arduradunak.
Kartelari dagokionez, epaimahaiak erabaki du Francisco Javier Irigarai gasteiztarrarena izan dela, epean aurkeztu diren bost lanetatik, herriko sormen aroa hobekien iragarriko duena: Agurtzane Intxaurragak, Xanti Valek, eta Miriam Sanchez diseinatzaile grafiko errenteriarrak osatu dute epaimahaia. Hiru elementu nagusi ditu euskarriak: idazketa sinbolizatzen duen arkatza, testu laburrei erreferentzia egiten dien arkatzaren luzera murritza, eta udalarekin batera antolaketa lan betean dabilen Hika Teatrori erreferentzia, Hika izena bera ageri delako kartelean. Berez, 650 euroko diru saria jaso beharko luke Irigaraik. “Baina hark horrelakoak afizioz egiten dituela jakinarazi digu. Beraz, diru hori gizarte ongintzan dabilen erakunde bati emateko eskaera egin du. Hura Vicente Ferrer Fundazioko kide denez, iradoki du erakunde horri ematea diru saria», azaldu du Saizar zinegotziak. Hala egingo dute. Hartara, hautetsiak zehaztu du kartel lehiaketarena aurtengorako prestatu duten berritasunetako bat dela.
Jada irudia izanda, bigarrenez egingo den testu laburren lehiaketaren traza nagusien berri eman du Hikako Intxaurragak. Iazkoaren antzekotasun handiak izango dituela adierazi du. Hala, lehenik, testuen entregarako aroa gaur hasi eta irailaren 6ra arte luzatuko dela jakinarazi du. Epe hori iazkoa baino handixeagoa da (lehenago abiatu dute), uda aroa aproposa izan baitaiteke sortzaileek euren lanak sortu eta emateko. Bestalde, aurkeztuko diren lan guztien artetik urriaren 5ean egitekoa den final handirako sei hautatuko dituztela nabarmendu du: “Testuen luzera gutxienez hamar minutuko piezak egiteko baliagarri izan behar da, 15 minutuko mugarekin. Gainera, bi pertsonaia agertu behar dira derrigorrez, eta beti era batera edo bestera Lezok agertu behar du, bai pertsonaien arteko elkarrizketetan, edo bestelako eratara”. Komedia, tragikomedia, eta absurdoaren alorreko izaera izan beharko dute testuek.
Sortzaile eta publiko gazteak
Gazteak arte eszenikoetara hurbiltzeko bokazioa du Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketak. Hala izan zen iazko lehenengoa, eta aurtengoa ere bide horretatik doa. Batetik, sei finalisten artean 35 urtetik beherakoek egindako bi lan (gutxienez) izango direla jakinarazi du Intxaurragak, eta sei horien artean bai genero berdintasuna zein euskararen erabilera bermatua izango direla. Bestetik, urriaren 5eko finalean (hautatu diren sei testuen irakurketa dramatizatuak egingo dira), lanen interpretazioa eskarmentua duten aktoreek nahiz hasiberriek egingo dutela baietsi du Hikako kideak.
Publikoa. Hori ere kontuan izan dute bai udaleko zein Hikako kideek. Antzerkiaren jaia izatea asmo duen egitasmoak orotariko publikoa erakartzea du xede, baina azpimarra gazteen artean jarria dute, publiko berrietara iritsi nahi dute. Horren harira, iazko edizioan jasotako iritzien araberako hainbat berritasun lantzen ari dira antolaketan dabiltzanak, batez ere urriaren 5ean egitekoa den final edo jai handiaren harira. Horien berri zehatza aurrerago emango dute udaleko eta Hikako kideek.

