Tentsio handiko eremu izendapena, gertuago
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak Errenteria-Orereta tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura abiatu du.
Aizpea Otaegi (erdian) Maite Gartzia eta Eneko del Amo, alkateordea eta Hirigintza zinegotzia, hurrenez hurren, otsailean egindako agerraldian. Udalerrian tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera formaka egin zuen Errenteriako Udalak, joan den otsailaren 6an. Horren bidez alokairuzko etxebizitzen prezioei muga jartzeko aukerari bidea zabaldu nahi zion udalak, besteak beste, etxebizitzarako eskubidea egikaritzea gero eta zailagoa den testuinguru betean.
Iritsi da eskaera horri erantzuna, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak Errenteria-Orereta tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abiatu du, eskaerak Espainiako Etxebizitza Legeak jartzen dituen baldintzak betetzen dituela baieztatuta. Gaur eman du horren berri Iñaki Arriola Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, eta Garraio sailburuak, Garak jaso duenez.
Datozen egunetan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute erabaki hori, eta ordutik hogei eguneko epea izango dute herritarrak eta eragileek alegazioak aurkezteko.
Biztanleria eta etxebizitza kopuruaren hazkundea proportzionala izan dela Errenteria-Oreretan azken hamarkadan, azaldu zuen Aizpea Otaegi alkateak, izendapenaren eskaera bideratu zutela jakinarazteko otsailean bertan egindako agerraldian. Hala ere, egindako diagnostikoak, etxebizitzaren eskaintza tenkatu duten hainbat faktore badirela ondorioztatu zuen. Hiru aipatu zituen alkateak: “Gazteen saldo positiboa dugu udalerri honetan, hau da, gehiago dira bertan bizi nahi dutenak eta beste udalerri batzuetatik datozenak, gure herritik kanpora doazenak baino. Bestetik gure herrikideen zahartze bat ematen ari da, eta horrek etxebizitzaren erabilera ez hain intentsiboa ekarri du; gero eta jende gutxiago bizitzen da etxebizitzetan—etxeen %62tan pertsona bat edo bi bizi dira—. Azkenik, Donostiak eragiten duen presioa dago. Donostiak dituen prezio altuek eragiten dute bertan bizi direnen kaleratze bat, eta Errenteria bada hautatutako herri horietako bat. Horrek gure etxebizitzaren eskaintzan presio bat eragiten du”.
Hori horrela, etxebizitza hornidura nahikoa ez izateko arrisku berezia dagoela ondorioztatu zuen egindako diagnostikoak. Etxebizitza hutsen parkea ere txikia da Errenteria-Oreretan, %5,5ekoa da, nahiz eta bigarren etxebizitza kopurua murriztu den—%7,7—.
Etxebizitzen prezioari ere erreparatu zion udal agintariak agerraldi hartan. Gora egin du horrek, eta horren ondorioz gora egin du ere alokairuko etxebizitzen kopuruak azken hamarkadan, %73 zehazki. “Horrek era berean, merkatu librean alokairua ordaintzeko zailtasunak nabariagoak izatea ekarri du”. Horren adierazle jarri zuen Etxebiden dagoeneko emantzipatuta dauden familien etxebizitza babestuaren eskaera handia. Egoeraren larritasunari erantzuteko behar-beharrezkoak jo zuen Otaegik tresnak eta ahaleginak areagotzea. “Errenteria tentsiopeko eremu izendatzea, mugarri izan daiteke”.
Izendapen hori, iristear da orain. Errenteria-Orereta izan zen izendapen eskaera eskatzen lehena, eta udalerria izango da, izendapen hori jasotzen lehena ere.
