Pasaiako hondakinen birziklapenaren egoera salatu du Eguzkik
Gipuzkoako udalerrien hondakinen kudeaketaren inguruko iazko datuak argitaratu dituzte. Pasaia San Marko mankomunitatean gutxien birziklatzen duen udalerria da, Donostiarekin batera.
Gipuzkoan 2023. urtean zehar hiriz hiri egindako hondakinen kudeaketaren inguruko datuak argitaratu berri dituzte. Eguzki elkarte ekologistak adierazi bezala, San Marko mankomunitatean (Astigarraga, Donostia, Errenteria, Lasarte-Oria, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil herriak biltzen ditu), Pasaia da Donostia ondoren hondakin gutxien birziklatzen duen udalerria.
Gaikako birziklapena puntu eta erdi jaitsi zen iaz Pasaian, eta % 47,41ean kokatu da. Era honetan, lehen aldiz kokatu dira herriko datuak mankomunitateko bataz bestekoaren (% 49,60a) azpitik. Urrun dago ere Gipuzkoako bataz bestekoa (% 57,16a). 2015ean, atez ateko sistemarekin, ia %70era iritsi zen birziklapen tasa udalerrian.
Iazko azaroan, udal ordezkariek urte berriarekin batera gaikako hondakinen birziklapena sustatzeko kontzientziazio kanpaina bati ekitea “beharrezkoa” zela adierazi zuten, eta, Eguzkiren arabera, “2023ko datuek irakurketa hori berretsi baino ez dute egiten”. Elkarte ekologistak Hondakinen Lege berria ekarri du gogora, zeinak xedatzen duen 2025erako udalerriek hiri hondakinen birziklapenaren % 55a, gutxienez, gaika egin beharko duten.