Eskola Kiroleko mugikortasun jasangarriaren sariak banatu dituzte
Eskola Kirolera joateko mugikortasun jasangarriko bitartekoak erabili dituzten ikastetxe eta ikasleak saritu zituzten Bizarain Ikastolan
Kirola, heziketa eta osasuna ardatz izanik, Oarsoaldeko Eskola Kirolaren parte diren eragileek larunbatetako jardueretara joateko haurrek erabiltzen zituzten garraioetan arreta jarri, eta 2013/2014 denboraldian naturarekiko ardura eta desplazamendu jasangarriak erabiltzeko plana jarri zuten martxan.
Planaren helburua bakarkako autoaren erabilera murriztea zen, eta, horretarako, besteak beste, gurasoak desplazamendu jasangarriak egitera animatu eta bizikletan mugitzen diren haurrak saritzen dituzte.
Aurtengo denboraldian 6500 desplazamendu -desplazamendu guztien %46,18- egin dituzte oinez, bizikletaz, garraio publikoan edota autoa elkarbanatuz, eta 2023/2024 denboraldiari begira, hauek izan dira Bizarain Ikastetxean banatu dituzten sariak:
- Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen zentroa: Bizarain Ikastetxea. Bi bizikleta jaso zituzten sari modura.
- Desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea: Koldo Mitxelena. Bizikleta bat lortu zuten.
- Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikaslea: Pasaia Lezo Lizeoako Zura Sistiaga. Patinete bat lortu zuen hogei jardunalditara bizikletaz joan zelako.
Horietaz gain, zenbatu zuten eskualdeko hamaika ikastetxeetako 442 ikaslek egin zuela gutxienez desplazamendu bat -%31,5- bizikletaz, eta bizikleta bat zozkatu zuten denen artean. Sariduna Lezo Herri Eskolako Danel Martin izan zen. Hala ere, haur horietako bakoitzak bizikletarako opari bana jaso zuten.