Hirutik bi boto, Orain Errepublikak-entzat
Ez da sorpresarik izan Oiartzunen, Europako Parlamentua osatzeko hauteskundeen emaitzetan. Ohi bezala, EH Bildu nagusi izan da.
Europako hauteskundeak egin ziren atzo, eta marko makroan eskuin muturraren indartzearen mehatxuan fokua jarria bazegoen, mikroan ez zen sorpresarik izan Oiartzunen. Orain Errepublikak koalizioaren hautagaitzak jaso zituen boto gehien, betiko titularra errepikatu nahi ez bada: EH Bilduk nagusitasunez irabazi du.
Ezkerreko koalizio subiranistak jaso zituen boto gehien, ia bi heren. Abstentzioa hamasei puntutan igo zen aurreko zitarekin konparatuta, baina orduan udal eta foru hauteskundeekin bat egin zuten; herritarrak gehien mobilizatzen diren deialdia da.
EH Bildu barne zuen Orain Errepublikak-ek apenas nabaritu du abstentzioaren hazte hori, 200 boto eskas galdu baititu, 2.736 lortuta; babes handia lortu du Pernando Barrenak. EAJren CEUS koalizioak, baina, erorketa handia izan du: ia botoen erdia galdu du, 1.289tik 693ra pasatuta. PSOE ehun boto inguru hazi da, ia 400era iritsita. Ondoren PP izan da, 141 lortuta ia bikoiztu baititu 2019koak.
Ezker konfederalaren lehiaren barruan, Podemos izan da nagusi. Irene Monteroren alderdiak 110 lortu ditu, eta duela bost urte bidelagun zituztenek, orain Sumarren bilduta, 98. Odoluste handia izan da, elkarrekin 405 lortu baitzituzten aurrekoetan.
Ondoren geratu dira muturreko eskuinak, olatuaren harroaldiak handituta, nahiz eta Oiartzunen erresidualak diren: Voxek 36 lortu ditu, eta Bukatu Da Festak 30. Atzetik geratu da sigla entsalada: Aulki Zuriak, Iustitia Europa eta Feministak Kongresura izan dira bi zifretara iristea lortu duten bakarrak.
- EH Bildu (Orain Errepublikak): 2.736 boto, %63,26 (2.935, %53,75).
- EAJ (CEUS): 693 boto, %16,02 (1.289, %23,61).
- PSOE: 396 boto, %9,15 (290, %5,31).
- PP: 141 boto, %3,26 (75, %1,37).
- Podemos: 110 boto, %2,54 (Unidas Podemos 405, %7,42).
- Sumar: 98 boto, %2,26 (Unidas Podemos 405, %7,42).
- Vox: 36 boto, %0,83 (16, %0,29).
- Bukatu Da Festa: 30 boto, %0,69 (2019eko hauteskundeetan ez zen izan).
- Aulki Zuriak: 14 boto, %0,32 (2019eko hauteskundeetan ez zen izan).
- Iustitia Europa: 10 boto, %0,23 (2019eko hauteskundeetan ez zen izan).
- Feministak Kongresura: 10 boto, %0,23 (2019eko hauteskundeetan ez zen izan).
[Emaitza guzti-guztiak ikusteko, jo BERRIAren webgunera]