Herriartekoaren finalerdietara iritsi dira oiartzuarrak
Haur eta kadete mailetako partidak irabazita pasatu da Oiartzun fasez. Beasainen arituko dira finalerdietan, etxean hasita.
Herriartekoan parte hartzen ari diren Oiarpeko pilotariak. Esku huska aritzen diren Oiartzungo pilotariak Herriartekoaren finalerdietan dira. Pasa den ostiralean jokatu zituzten, Madalensoron, final laurdenetako itzuliko partidak, Hernaniren kontra. 1-2ko eta hamazazpi tantoko abantaila ekarri zuten Oiartzunek Buruntzaldeko kantxatik.
Gauzak ongi hasi ziren oiartzuarrentzat, kadeteetako partidan nagusi izan baitziren Etxeberria eta Zelaiaran, 22-13 irabazita. Kanporaketa ez zegoen erabakita, baina hurrengo partidan, Etxeberria eta Lasa jubenilek txartela lortu zuten, 22-2 irabazita. Hernaniarrentzat izan zen nagusien mailako partida, jokoan ezer ez zegoenean: 10-22 irabazi zieten Mitxelena eta Zabaletari.
Finalaren atariko partidak Beasainen kontra jokatuko dituzte, aurreko bi urteetako txapeldunordeak kanporatu baitzituzten goierritarrek: Azpeitia. Lehenengo hiru partidak Madalensoron jokatuko dituzte, datorren asteburuan bertan, baina eguna eta ordua zehazteke daude.
Landa, Mallabian txapeldunorde
Herriartekoa jokoan izanagatik, gainontzeko lehiaketak ez dira geratu. Beste zortzi partida jokatu dituzte Oiarpeko pilotariek, eta horien artean nabarmenena Mallabian jokatutako Etorkizuneko Izarrak txapelketako finala izan zen.
Unax Landak Apezetxea goizuetarrarekin batera jokatu du txapelketa, baina azkeneko norgehiagoka ezin izan zuten poltsikoratu. Txapela eraman dutenak Egiguren azpeitiarra eta Barberito errioxarra izan dira, 22-8 irabazita.
[Oiarperen asteburuko emaitza guztiak]

Landa eta Apezetxea.
