Ahots hutsez eta taldean kantatzeko ohitura aztertuko dute aurtengo Kanterrin
Uztailaren 10ean izango da ikastaroa. Mari Luz Esteban, Josu Aurrekoetxea eta Unai Elorriaga gonbidatu dituzte, eta ahots hutsez arituko dira
Hirugarren aldiz antolatu dute Kanterri ikastaroa Kantagiltzak, Oiartzungo Udalak eta Ahotseneak elkarlanean. Uztailaren 10ean izango da formazio ikastaroa, egun osoko egitarauarekin, udaletxeko pleno aretoan.
Aurtengo gaia ahots hutsez eta taldeka kantatzeko ohitura izango da. Mari Luz Esteban EHUko Antropologia irakaslearen hitzaldiarekin hasiko da saioa. Donostiako kantujia. Plazera, identitatea eta erresistentzia izango da bere ponentzia. Ondoren, Josu Aurrekoetxea musikariaren eta Unai Elorriagaren Odola kantari ikus-entzunezko emanaldiaren txanda izango da. Emanaldi horrek heriotza, guda eta odola ditu hizpide.
Bazkaltzeko tartea hartuta (izena ematean erreserba daiteke), Ahots hutsez taldeak emanaldia eskainiko du. Bukatzeko, Musika Kalean saio irekia egingo dute, JunTaLo taldearekin, Done Eztebe plazan (egitarau osoa, albistearen azpialdean).
Izena emateko epea irekita dago, uztailaren 5era arte. Izena emateak 25 euroko prezioa izango du; 20koa, soldatarik ez dutenentzako. Galdetegi bat bete beharko dute horretarako. Norbaitek argibiderik beharko balu, Kantagiltzako dinamizatzaileekin jar daiteke harremanetan, e-posta bidez edo telefonoz kontaktatuta (943 49 10 34).
Kanterriren lan-ildoak
Kanterri ikastaroa duela bi urte sortu zen, eta hainbat ildo ditu. Alde batetik, antolatzaileek azaldu dutenez, euskarazko musikaren eta literaturaren arteko elkarreraginez sortutako kantagintza aztertzea da.
Bestetik, kantagintzaren ekarpen historikoaz gogoeta egin nahi dute, “alderdi guztiak kontuan hartuta”. Letrak sortzen trebatzen lagundu nahi dute, baita kantagintzaren transmisiorako baliabideak eskaintzea ere. Azkeneko lan-ildoa da euskaraz sakontzeko grina transmititzeko bidean sakontzea.
Egitaraua
- 09:30etik 11:30era: Mari Luz Esteban: Donostiako kantujia. Plazera, identitatea eta erresistentzia.
- 12:00etatik 14:00etara: Josu Aurrekoetxea eta Unai Elorriagaren Odola kantari.
- 16:00etatik 18:00etara: Ahots hutsez. Pantxix Bidart, Claudine Arhanzet, Marie Hirigoien, Ibonrg eta Ander Barrenetxea.
- 19:00etatik aurrera: JunTaLo, musika kalean. Saio irekia Done Eztebe plazan.