Komunitateak ongietorri goxoa eman die iaz jaiotako oiartzuarrei
2023an jaiotako haurrei atsolorra egin diete. Musika, argazkidun zuhaitza eta ongietorria emateko testuak irakurri dituzte Arizmendieneko lorategian.
Pasa den larunbatean, hilak 8, egin zieten atsolorra 2023an jaiotako oiartzuarrei. Komunitatean elkartu ziren Arizmendieneko lorategian, goiz lainotu baina goxoa pasatzeko asmoarekin. Protagonistak beraien guraso, aiton-amona edota gainontzeko senideek lagunduta hurbildu ziren bertara, txalapartaren ttakunak lagunduta.
Garazi Urdanpilleta alkateordeak eman zien ongietorria. Atsolorraren jatorria azaldu ondoren, gogorarazi zien konpromiso bat dela, “momentu txarretan eta onetan elkar eustekoa”. Elkar babesteko eta zaintzeko hautua egikaritu zuten larunbatean, guztien artean.
“Oiartzun herri hezitzailea, anitza eta askea izatea nahi dugu. Gurekin ditugun haurrak sarean hezi nahi ditugu, elkarrekin eta gure herriko kaleen eta naturguneen laguntzarekin. Haur koloretsuak, zapore askotarikoak, anitzak, askeak eta ezinbestean zoriontsuak izatea nahi dugu”, gaineratu zuen.
Olatz Mitxelena Larretak ekitaldirako sortutako testu bat irakurri ondoren, zapia jantzi zieten, eskusoinuaren akordeek lagunduta. Haurren argazkiekin 2023ko arbola ere osatu zuten. Talde argazkiarekin bukatu zuten ongietorri ekitaldia.