Gaztetxoei esker, Trintxerpe, garbiago
Karmengo Amako LHko ikasle talde bat barrutiko txokoak garbitzen aritu zen larunbatean. Esperientzia "oso positiboa" izan dela adierazi du Iraitz Pazos alkateordeak.
Joan den larunbatean (hilak 8) gaztetxo talde bat Trintxerpe auzolanean garbitzen aritu zen. Zehazki, Karmengo Ama ikastetxeko ikasleak elkartu ziren garbiketa saio honetan. Taldeka banatuta, barrutiko txokoetan aurkitutako hondakinak biltzen aritu ziren haien gurasoekin batera. Bukaeran, jasotako hondakinen sailkapena egin zuten gaztetxoek. Iraitz Pazos alkateorde eta zinegotziak nabarmendu du “zenbait ondorio” atera zituztela gaztetxoek: “lurretik jasotako plastiko eta zigarrokin kopuru handiarekin kezka eta haserrea adierazi zuten askok”, aipatu du. Esperientzia “oso positiboa” izan dela aitortu du.
Bide batez, gaztetxo talde honek zaborrontziak erabiltzeko eta birziklatzeko deia egin die pasaitarrei, eta Trintxerpe garbi mantentzearen ardura “guztiona” dela gogorarazi du.