Europa iparraldeko eta Euskal Herriko mitologia eskutik, Urtzi Leoneten bigarrenean
'Harrizko Errementariak' liburua aurkeztu du Urtzi Leonet idazle eta irakasleak Lekuona Fabrikan. 'Itzalen Dama eta Patxi Bakallu' bildumako bigarrena da.
Harrizko Errementariak liburua aurkeztu zuen atzo Urtzi Leonet idazle eta irakasleak. Elkar argitaletxearekin argitaratu du azken lana errenteriarrak eta Lekuona Fabrikan egin zuen aurkezpena. Itzalen Dama eta Patxi Bakallu bildumako bigarrena da Harrizko Errementariak. Izan ere, 2022an argitaratu zuen idazleak Herri margotua liburua, sailaren lehena, itsas abenturarekin lotua, Euskal Herriko eta munduko beste herrietako mitologien arteko lotura islatzen duena.
Bigarrena liburua, fikziozkoa. Azpimarra jarri zion horri idazleak, “fikzioa euskaraz oso zaila delako topatzea”. Leonetek Iparraldeko herrietako mitologia eta euskal mitologiaren arteko lotura bilatu du, fantasiaz beteta beste behin ere, azken liburuan.
Aitor Azurki kazetariak gidatu zuen atzo Lekuona Fabrikan egindako aurkezpena, liburuaren oinarriak arakatzeko. Liburuan ilustrazioak egin dituen Iñaki G. Holgadok, berriz, zuzenean egin zituen ilustrazioak aurkezpena bitartean; baita sortutako biak zozkatu ere, ekitaldia bukatutakoan.
Bigarrenak, hirugarrena ekarriko duela iragarri zuen Leonetek, atzoko aurkezpenean pista gehiagorik eman gabe: “Liburu guztia zirriborratua dut, eta lehen kapituluak idatzita ditut jada. Ez dakit, ordea, noizko izango dudan bukatuta”. Hirugarren liburu horrekin itxiko du bilduma errenteriarrak, Itzalen Dama eta Patxi Bakallu, trilogia izango da beraz.
Leoneten bigarrena, salgai da dagoeneko.