Finalerako bidea Madalensoron hasiko da
Igande arratsaldean jokatuko dituzte Herriarteko txapelketaren finalerdietako joaneko partidak, Beasainen kontra. Harmailak betetzera deitu dute.
Oiartzunek badaki nor izango den finalerdietako arerioa Herriartekoan: Beasain. Madalensoron izango dira joaneko partidak. Data eta ordua zehaztea falta zen: datorren igandean, hilak 16, izango dira hiru partida horiek, 17:00etan hasita.
Oiarpeko pilotariak dira Oiartzun ordezkatzen dutenak, eta klubak dei egin die herrikideei, Madalensoroko harmailak bete ditzaten.
Oiartzun egungo txapelduna da, eta Hernani kanporatu zuten final laurdenetan. Arerioek, bestalde, Azpeitia kaleratu zuten; aurreko bi ekitaldietako finalista izan da, biak ala biak Oiartzunen kontra galduta.
Oiartzuarren eta beasaindarren arteko kanporaketetako itzuliko partidak Beasaingoen kantxan jokatuko dituzte, hurrengo asteburuan. Finala hilaren 30ean jokatuko dute. Beste finalista Zaldibia eta Bergarako pilotariek jokatuko duten partida-sortatik aterako da.
