"Zuekin hartutako konpromisoari tinko eta arduraz heldu diogu"
Lehen urtearen balorazioa egin du Pasaiako Udal Gobernuak. "Neurri eta lan batzuk ikusezinak badira ere, gure herrian erroko aldaketa sortzeko zimendu sendoak dira. Pasaia berdinzaleagoa, euskaldunagoa eta justuagoa eraikitzeko zimenduak".
Larunbat honetan (hilak 17) urtebete beteko da Teo Alberrok aginte makila eskuratu zuenetik, EH Bildu eta Podemos-Aliantza Berdea taldeek udal gobernua osatu zutenetik. Ordutik urtebetera, balorazioa egin berri du udal gobernuak. “Lan eta ikasketa sakoneko” urtea izan dela adierazi dute lehenik. Herritik eta herrigintzatik datorren taldea direla diote, eta aitortu dute “administrazio publikoaren erritmo geldo eta burokraziaren eskakizunetara egokitzea ez dela lan makala izan”. Hala eta gutiz ere, pasaitarrekin hartutako konpromisoari “tinko eta arduraz heldu” diotela esan dute, eta ereindako horrek fruituak ematen ari dela jada. Udal gobernuaren balorazio osoa, hemen irakur daiteke.
Aginte makila hartu zutenetik “azken agintaldietan etxe honetan ezarritako gobernantza eredua birformulatzeko konpromisoa” hartu zutela gogorarazi dute. Eredu horren ordez,”hurbiltasunean, gardentasunean, herritarren parte hartzean eta herritarrekiko etengabeko komunikazioan oinarritutako ereduaren aldeko” aldeko apustua egin dutela, eta “premisa higiezin horiek oinarri hartuta” diseinatu dutela bide orria.
Gardentasuna, komunikazioa eta parte hartzea “udalgintzaren ardatz bilaka daitezen apustu irmoa” egin dutela diote. Gobernuarekin hartu emanean egoteko “bide zuzenak berrezarri” dituztela adierazi dute, Alkateordetzen ateak berriro zabalduz. “Dozenaka ekarpen, proposamen eta ezinegon” jaso dituzte urte honetan pasaitarrengandik, eta guzti horiei “arduraz” erantzun dietela esan dute. Horri lotuta, Parte hartze eta Komunikazio teknikari postuak sortu dituztela gogoarazi dute, “administrazioaren eta herritarren arteko lotura erraztu eta indartuz”.
Egindakoa, alorka
Gobernu talde berriak abiatutako gizarte programak “jendarte berdinzalego baten aldekoak” izan direla adierazi dute, “kolektibo kalteberenak ardatz”. Programa horietako batzuk zerrendatu ditu udal gobernuak: LGTB komunitateari erreparatzeko diagnostikoa egiten ari direla, berdintasun saila indartu dutela bigaren teknikari abt kontratatuz, indarkeria matxistari aurre egiteko gida nahiz formakuntza ematen ari direla udal langileei, zaintzaileak zaintzeko OK en Casa programa martxan dela, bazterkeria egoeran dauden norbanakoak gizarteratzeko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko obra lizitatu dutela edota arrakala digitala arintzeko batzarrak egiten ari direla jubilatuen elkarteekin. Lotura honetan proiektu guztiak irakur daitezke.
Kultura eta euskarari erreparatu dio gero udal gobernuak. Hauen aldeko egitasmoak garatu dituztela nabarmendu dute, esparru ezberdinetan. Gazte mahaia martxan dagoela gogorarazi dute, eta lan munduan indar berezia jartzen ari direla. Horren adierazle gisa, portuko zortzi enpesak euskara batzorde berria osatuko dutela gogorarazi dute. 12 hilabete hauetan herriko gazteen proposamenak jaso dituzte, eta euskarara hurbiltzeko harrera saioak egiten ari dira ikasle berriekin. Kirola eta gazteria zaintzea ere funtsezkoa izan da urte honetan udal gobernuarentzat, “Pasaia osasungarri eta indartsuago baterako bidean”. Horregatik, hainbat hobekuntza egin dituzte Antxoko ludotekan eta San Pedroko gaztelekuan. Udal Liburutegien zerbitzua hobetzeko neurriak ere hartu dituztela nabarmendu dute, eta jaietarako aurrekontua handitu dutela. “Egitarau aberasgarriak osatu ditugu lau barrutietako jai batzordeekin”. Kontu Kantari solasaldi musikatuak estreinakoz egin izana oso positiboki baloratu dute, arrakasta handiz gainera. Beste hainbat egitasmoren artean, Pasaiako lau erraldoiak berreskuratu dituztela aurreratu dute (hilaren 23an aurkeztuko dizkiote herriari).
Bizilagun zaurgarrien mugikortasun eta bizi kalitatea hobetuko duten azpiegitura proiektuak hasi eta aurreratu dituztela ere nabarmendu nahi izan dute, “Pasaia bizigarriagoa eraikitzeko bidean”. Andonaegi auzoaren biziberritzea “abiada onean” doala diote, eta datorren udazkenean Igeldo kaleko urbanizazioari eta ur depositu zaharrean aparkaleku eraikina egiteko proiektuaren idazketari ekingo diotela, besteak beste. Antxoko Gure Zumardiaren urbanizazio berria herritarrekin batera diseinatuko dutela gogorarazi dute, parte hartze prozesu baten bidez. Bestalde, Donibanen, Meipiko igogailuaren lehen fasea bukatu eta bigarren igogailuaren obrari berehala ekingo diotela iragarri dute. Trintxerperko Andonaegi kalean ere igogailu berria jartzeko azterlanak egiten hasi direla jakinarazi dute.
Oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunean egindako inbertsioak ere aipatu nahi izan dituzte udal gobernuko kideek. Esaterako, Arraunlari kaleko asfaltatze lanak edo Jaizkibel kalearen sarbidean solte zeuden harlauzak aldatu dituztela. Parkeak hobetzeko partida bikoiztu dutela ere esan dute, eta horrez gain, paperontzien kokalekuaren azterlana egin dutela, eta datozen asteotan berritu eta birkokatuko dituztela. Hondakinen alorrean, “estreinakoz” udalaren garbiketa zerbitzua indartu eta igande nahiz jai egunetara zabaldu dute.
Langileen zaintza bermatzeko prebentzio neurriak ezarri ditu udal gobernuak, eta “luze eskatu izan duten lanpostuen balorazioa eta berrantolaketa egiteko zerbitzua esleitu” dutela gogoratu dute. Horrek Udaltzaingoaren “birformulazioa” ekarriko duela diote udal gobernuko iturriek, “ofizialen oinezko presentzia handituz”.
Burujabetza energetikoa areagotu eta klima larrialdia arintzeko “gure herritik aletxoa” jartzen ari direla ere esan dute. Besteak beste, teilatu publikoetan beste hiru instalazio fotovoltaiko jarri dituzte eta hiru ibilgailu elektriko berri eskuratu ditu udalak. Itsas Festibala “eraginkorragoa” bihurtu dutela ere nabarmendu nahi izan dute, Erronka Garbia ziurtagiria jaso baitu jaialdiak.
Herritarrekin bezalaxe, elkarte eta erakundeekin ere zuzeneko lanean ibili direla diote. Esaterako, Babes Zibila eta Katubihotzekin hitzarmen berriak sinatu dituzte eta Laurak Bat elkartearekin ere aurki hitzarmen berria sinatuko dute.
Aparkalekuaren gaia lehen egunetik landu duten gaietako bat izan dela diote. Aitortu dute, “erpin askoko gaia denez”, nahiko luketena baino motelago doala prozesua, baina dagoeneko prest dutela aparkaleku ordenantza berriaren lehen zirriborroa. Hil honetan partekatuko dute pasaitarrekin, ekarpenak jaso ditzaten. Araudi berri hori indarrean sartu arte, “behin behineko arintze sistemak” ezarriko dituztela aurreratu dute: Pasaia Lezo Lizeoarekin akordio bat sinatu dute aparkaleku eremu berri bat sortzeko Antxoko ikastetxearen zelaian.
“Urte honetan lortutako mugarriak zerrendatuta, ohartu gara asko dela egin duguna. Neurri eta lan batzuk ikusezinak badira ere, gure herrian erroko aldaketa sortzeko zimendu sendoak dira. Pasaia berdinzaleagoa, euskaldunagoa eta justuagoa eraikitzeko zimenduak. Udalaren eta herriaren arteko harremana lankidetzan, anbizioan eta erantzukizunean funtsatuta soatengatuko dutenak. Eskerrik asko hilabete hauetan emandako babesagatik. Aurretik dugun bidea zuekin soinez soin egiten jarraitu nahi dugu, ateak zabalik gobernatuz, Pasaiak martxan dagoen herria izaten jarrai dezan. Batera garena izaten jarrai dezan”, esan dute, azkenik.