Mendiburu: "Lehen urtearen balorazioa oso positiboa da"
Gaur bete da urtebete Joana Mendiburuk kargua hartu zuenetik, eta, EH Bilduk zabaldutako bideo batean, alkateak errepasoa eman du.
Joana Mendiburuk duela urtebete hartu zuen aginte-makila, korporazio berria osatu ondoren, eta agintaldiaren lehen urteari errepasoa eman dio alkateak. EH Bilduk bere sare sozialen bitartez partekatu du hausnarketa.
Alkateak lehen urtea “oso positiboa” izan dela ziurtatu du. Hamahiru zinegotziz osatutako “talde polita” sortu zela gogorarazi du, eta horietako bakoitza urte honetan guztian “oso zentratuta” aritu dela bere lanean. Taldearen dohainak goraipatu ditu alkateak, “ekarpenak egin”, herritarrekin “elkarlanean” aritu eta lanerako “giro ona” ekarri dutelako.
“Horren erakusle da lehen hiru hilabeteetan gai izan ginela kudeaketa plana idazteko”, gaineratu du. 2023-27 agintaldirako “bide-orria” da, eta orain arte egindako hainbat lorpenen zerrendatu ditu: Fermiñene Ongizatearen Etxearen irekiera; “burujabetzaren bidean” emandako lehen pausoak; Energia eta Mugikortasun Plana idaztea; Arragua biziberritzeko parte-hartze prozesua… Eta, horiez gain, “tokiko interesen defentsa” aipatu du, AHTren kontrako alegazioetan egin dutena. “Lehen aldiz, gainera, alternatiba erreal bat proposatu dugu”, zehaztu du Oiartzungo alkateak.
Emakumeei zuzendutako doako Aholkularitza Juridikoaren zerbitzua ere eskaintzen hasi dira. Horrez gain, udal barruan bi plan fintzen ari dira: euskara gehiago erabiltzea eta barne berdintasun plana.
“Bizitzeko atsegina den Oiartzun”
Kudeaketa planetik harago, bi momentu “hunkigarri” izan dituela azaldu du Mendiburuk. Alde batetik, Pepi Berasategiri aita zenaren gorpuzkiak bueltatu zizkiotenekoa, hilerrian urte luzez “zainduta” izan ondoren. Gurutzeko barrakoien erreplika inaugurazioa aipatu du bestetik.
Udal hauteskundeen ondoren beste hiru hauteskunde zita izan direla ere gogorarazi du alkateak. EH Bildu horietan guztietan irabazle izan da, nabarmen, eta horrek “H Bilduren “egiteko moduak” berresten dituela adierazi du.
Bukatzeko, datozen hiru urteetan herritarrekin elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi du. “Guztion artean Oiartzun atsegin eta bizitzeko polita izatea lortu nahi dugu”.