Musika emanaldien lehen labekada zabaldu du Atlantikaldiak
Irailaren 19tik 22ra izango da Atlantikaldiaren 11. ekitaldia. Gaur, aurten ariko diren lehen artista konfirmatuen berri zabaldu du udalak.
Tantaka eman ohi dute Atlantikaldiaren gaineko informazioa, eta aurten ere hala ari dira, arlo bakoitzari merezi duen espazioa eta arreta eskainita. Atlantikaldiaren datak eta aurtengo leloa jakinarazi zituzten lehenik, baita Kultur Topagunearen eta Musika Jaialdiaren irudia zabaldu ere. gaur berriz, lotu dituzten lehen kontzertuen berri eman dute antolatzaileek.
Aizpea Otaegi alkateak hartu du hitza lehenik, eta aurtengoa, 11. izango duela Atlantikaldiak jarri du nabarmen. “Hamaikak euskaraz, asko, ugari esan nahi du baita anitz ere. Guztiok dakigu honezkero Atlantikaldiak hamaika musika emanaldi ikusteko aukera eskaintzen duela baina hamaika harreman, hamaika bizipen, hamaika emozio sentitzeko aukera ematen digu, eta azkenean, esperientzia horiek guztiek artxipelago bat sortzen dute”. Artxipelagoa, hori da hain zuzen ere, aurtengo Atlantikaldiaren leloa.
Irailaren 19tik 24ra izango da Atlantikaldia eta orain arte bezala, lau gunetan garatuko dela azaldu du Otaegik: Agirre Lehendakaria Plaza, oholtza nagusia den Itsasargi Nagusia bertan jarriko dute aurten ere, “hor izango dira kontzertu jendetsuenak”; Panier Orubean, kale Kaia espazioa izango da eta sortzaile urbanoagoei emango diete leku, gazteagoei begirako emanaldiekin; Herriko Plaza giro intimoagoan egindako emanaldiei begirakoa izango da; eta Foru Plaza, Herrixka izango da eta bertan musika proposamenez gain, bestelakoak ere hartuko ditu, “oinarrian herritarren partaidetza duten iniziatibak bertan izango dira, baita food truckak ere”. Horiek eremu nagusiak, baina horiekin batera, herriko beste espazio asko-askotan ere izango dira emanaldiak eta bestelako jarduerak.
Maite Gartzia Kultura zinegotzia “pozik” Atlantikaldiaren ekitaldi berria gorpuzten hasiak direlako, “oso prest dugu jada. Ekitaldi askotarikoa, ekitaldi berezi eta hunkigarriak berriro, eta kultur arteko elkarrizketak eta sormen artistikoa sustatuko ditu aurten ere”. Esker ona herrikoa skotariko eragileei ekarpena egiteagatik jaialdi handiari, “oso garrantzitsuak dira eragileen proposamenak programazioa aberasteko. Atlantikaldiaren muina dira proposamen horiek, eta herrian dugun kultur aniztasuna horietan islatzen da. Esker mila ekarpen horiengatik”.
Konfirmatutako lehen artistak
Egitarau osoa irailean jakinaraziko dute, jaialdia izango den hilabetean, baina gaur aurrerapena egin dute. horren ardura, Esti paradak izan du, Atlantikaldiaren komunikazio arduradunak. Diziplina anizteko egitaraua ontzen ari direla une honetan azaldu du Paradak, “lan hau egiten ari garen bitartean, gaur aurrerapena egin nahi izan dugu, musika emanaldien kartela osatuko duten izenetako batzuk jakinarazita”.
Irailaren 19an, ostegunarekin izango diren batzuen berri eman du lehenik. Itsas Argi Nagusiak Itsas Elkarrizketen emaitza izango den emanaldia hartuko du bidea hasteko: “Itsas Elkarrizketak urte hauetan bihurtu dira jaialdiaren zigilu berezkoak, horien arabera harremanetan jartzen ditugu kanpoko artistak eta bertakoak, eta elkarlan horren emaitza bakar-bakarrik, Atlantikaldian ikusi ahalko da, kontzertu bakarra eskainiko dute”.
Kasu honetan Cocanha eta Julen Axiari jarri ditu elkarlanean Atlantikaldiak. Bikote okzitaniarra da Cocanha Lila Fraysse eta Carolina Dufauk osatua. Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzte euren lurraldeko sustrai kulturalak omentzen dituen musika sortuz. Tresna tradizionalak erabiltzen dituzte. Pertsonalitate musikala bakarra eraiki du Axiarik, erritmo eta soinu ikerketa geldiezinean. Perkusionista lapurtarrak ahaideen kantuen tradizioa eta egindako bidaietan topatutako munduko kultura ezberdinen ekarpenak uztartzen ditu. Kontzertu horren gaineko berezitasuna aipatu du Paradak, “eserita ikusteko aukera izango da, eta beraz, publiko guztientzat egokia izango da. hori bada ere gure erronka, emanaldi guztiak publiko zabalari begirakoak izatea. Kontzertu hau bereziiki iruditzen zaigu publiko guztiak elkarrekin ikusteko moduko emanaldia izango dela”.
Herriko Plazan, egun berean, Lide Hernando artista donostiarraren proiektu berria den Bele. Taldea berria da, baina Hernandok ibilbide luzea du musikagintzan, “orain arte rock doinuak landu ditu gehiago, baina Belerekin musika afroamerikarrera egin du salto eta benetan zuzeneko indartsua eskaintzen du. Emakumea, gipuzkoarra, artista”.
Emakume batek utzitako lekukoa, beste emakume gipuzkoar batek hartuko du ostiralean Herriko Plazako agertoki horretan, Ianire Aranzaberen Esanezin proiektuak. Rocka, folka eta jazza nahasten dituen proposamen musikal eklektikoa eskaintzen du. taldeak sortzen duen musika, inguruan duten kultur aniztasunaren isla da. Talde berria baina bere tokia eginda du euskal musika eszenan.
Itsasargi Nagusian, berriz, Francisco el hombre banda brasildarra, bi emakumek eta hiru gizonek osatzen duten taldea, eta erritmo latinoak eta rocka nahasten dituena: “Talde aldarrikatzailea, sinistuta daude musika errebindikaziorako tresna egokia dela, eta gai sozialak lantzen dituzte beraien letretan. Zuzeneko oso indartsua dute. Eta ostirala dantzan bukatzeko, Bichos raros kale kaian. Chill mafiaren testuingurutik sortutako DJ bikotea da, eta musika oinarria Chicago eta Detroiteko elektronikaren erritmoa dute”.
Larunbatean berriz, Sol Band Palestinako banda, Gazatik dator. Paradak azaldu duenez, apirilean lortu zuten Gazatik ateratzea, “eta orain urrutitik kantatzen diote beren herrialdeari, gatazkari, gatazka honetan hil diren pertsonei eta sufritzen dutenei. Ziur gaude kontzertu hunkigarria izango dela, oso barrutik egindakoa”.
Herriko Plazan, La Otra, eta horren atzean Isa Casanova madrildar konpositore eta abeslaria, “intimitatea eta poesia uztartzen dituzten letrak. Oso estilo sinple eta zuzena duen musikaria da bera eta oso atmosfera berezia sortzen du bere emanaldietan”. Hortik, Iseo &Dodosound banda nafarra Itsasrgi Nagusian, Reggae eta elektronika nahasketa da beraiena “zortea da beraiekin kontatzea jaialdian”. Gaurko aurrerapenari ginga jartzeko, La Txama Donostian sortutako talde berria da eta Corrido Tumbado generoa egiten ausartu den lehen euskal taldea. Taldea berria da, baina ibilbide luzea dute atzean hura osatzen duten musikariek.
Balioetan bat eginda
Atlantikaldiaren balioekin bat egiten duten taldeak ekartzen saiatu direla nabarmen jarri du Paradak, “bertakoak eta nazioartekoak diren artisten arteko aniztasuna bilatzen ere saiatu gara, eta saiatu gara batez ere emakumeei oholtza gainean merezi duten lekua ematen. uste dugu Atlantikaldia erakusleiho aparta izan dela orain arte horretarako eta horren eredu izaten jarraitu nahiko genuke hemendik aurrera ere”.
Webgune berria ere estreinatu du Atlantikaldiak, eta horren berri eman dute gaurko agerraldian.
Isaac Palencia Gipuzkoako Foru aldundiaren Gazteria zuzendariak ere hartu du hitza, Gazteria departamenduak lagunduko duelako aurten Atlantikaldia. Gazte kultura eta haurrentzako espazioak sustatzea duela helburu departamendu horrek nabarmen jarri du Palenciak, “jaialdiaren helburuekin bat gatoz, kolaborazioa estreinatuko dugu baina Dantzagunearen bidez ere bat egiten dugu Atlantikaldian Sortutakoak programaren barruan sortutako proiektuarekin”.
Azken hitzak alkateak, gogoratzeko jaialdia irailaren 19tik 22ra izango dela, “gonbidapena luzatzen diogu jende guztiari agendetan egun horiek markatu ditzaten, web orri berrian informazio guztia izango dute eskura”.