Kantu jira, larunbatean
12:30ean aterako da ikasturteko azken kantu jira Lezoko kaleak euskal kantuekin alaitzera.
Kantu jiraren sasoiko azken irteera larunbatean (hilaren 22an) egingo dute. Beti bezala, 12:30ean aterako dira abeslariak Aiton Bordatik. Denboraldiko hamargarrena izango da.
Aiton Bordan hasi, eta Kaialde eta Kale Nagusian geldialdia egin ondoren, Gurutze Santuaren plazan bukatuko dute ibilbidea euskal kantuan aritzeko afizioa dutenek. Askok hilabetero-hilabetero esperientzia errepikatzen dute, baina nahi duen guztiak parte har dezake, kantu jiraren antolatzaileek esan dutenez. “Anima zaitezte. Gure asmo bakarra gure kantekin giro atseginean eta lagun giroan, abesten gozatzea da”.