Plazako sutondoan, dantzan, udari harrera egiteko
Arratsaldean kalejira egingo dute Tomas Garbizu Musika Eskolako kideek, eta gauean, aurreskuaren txanda plazan.
Lezon ere udako solstizioaren festa ospatuko dute. San Joan bezperako suaren aitzakiarekin ilunabar gozo bat izateko aukera izango dute lezoarrak, horretarako aukera baitago
Lehen ekitaldia Tomas Garbizu Musika Eskolak antolatutakoa izango da, 19:00etan gelditu dira eskolaren atarian San Joan bezperako kalejira egiteko herrian zehar. Bandak eta trikitixa taldeak parte hartuko dute kalebueltan.
Gauean, herriko dantzarien txanda. 21:45ean Tomas Garbizu Musika Eskolatik herriko dantzariak sokan joango dira Gurutze Santuaren plazaraino, Munttar Txistulari Taldearen laguntzarekin. Plazan direla, 22:00etan, emanaldia eskainiko dute 30 dantzarik baino gehiagok. Sua piztu aurretik, Aurreskuko dantzak egingo dituzte, eta behin sua indarrean dela haren inguruan erromeria egingo dute dantzariek, nahiz batu nahi zaizkien lezoarrek.