Udako solstizioari eguraldi on, eta uzta oparo eske
Iraultza Dantza Taldeak Urdiaingo kantaia egingo du urtero bezala, udako solstizioari ongietorria emateko.
Udako solstizioari ongietorria emango dio Iraultza Dantza Taldeak urtero gisa. Urdiaingo kantaiaren bidez eguraldi ona eta uzta oparoa eskatuko dituzte dantza taldeko kideek kantuz eta dantzaz. Hitzordua, igandean —hilaren 23an— Herriko plazan izango da, 22:00etan.
Erritu pagano erlijiosoa da Urdiaingo kantaia, eta emakumeak ditu protagonista bakarrak. Bi gona janzten dituzte, bigarrena burura lotuta, soilik aurpegia bistan utzita. Eskuetatik helduta borobila osatzen dute eta 29 bertsoz osatutako San Juan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraituta. San Juan gaua, natura, erlijioa eta uztak aipatzen dituzte.
Urdiaingo kantaia San Joan bezperan egiten zen, udako solstizioan, urtarorako eguraldi ona eta uzta oparoak izan zitezen eskatzeko. Horretarako, konjurua botatzen dute bukaeran: “Orain arte behar, hemendik aurrera gari”
Jose Mari Satrustegi etnografoak berreskuratu zuen ohitura. Iraultza dantza taldeari irakatsi eta 1994az geroztik urtero egin dute emanaldia Herriko Plazan.