Astelehenera bitarte, festa nagusi Donibanen
Sanjoanak ospatuko dituzte datozen egunetan Donibanen, jaien maratoiari hasiera emateko. Egitarau oparoa prestatu du Jai Batzordeak.
![sanjoanak, haur danborrada](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2016/06/HDbarruan.jpg)
Udaren hasierak festa ekarriko du Donibanera, sanjuandarrak prest dira sanjoanak ospatzeko. Udako maratoian lehen barrutia izango da jaien lekukoa hartzen. Gaurtik astelehenera bitarte izango da festa barrutian, Pasai Donibaneko Jai Batzordeak askotariko ekitaldi eta ekintza antolatu ditu datozen egunetarako.
Egitarau horren barruan, Erraldoien Agurra izango da erakargarri nagusietako bat. Igandean izango da hori, 13:00etan. Ekitaldi horretan udalak sortu eta zaharberritu dituen erraldoi eta buruhandiak ariko dira Santiago plazatik, konpartsa handitu berri baitu. Historian zehar buruhandi asko izan badira, ere, azken urteetan Mikeletea eta Iñudea izan dira Pasaiako erraldoi nagusiak. Igandetik, aurrera, baina, beste bi berri izango ditu: Batelera (Donibane ordezkatuz) eta Txikiteroa (San Pedro ordezkatuz). Buruhandi berri bat ere izango du herriak, Arrantzale, Blas de Lezo eta Batelera buruhandiek aurrerantzean Txupinera izango dute alboan.
Beheko koadroan, sanjoanak ospatzeko antolatu duten egitaraua:
Gaur, ostirala
- 22:30. Santiago plazan, Argentinako film baten emanaldia.
Bihar, larunbata
- 12:00. Santiago plazan, mutxikoak. 20:30. Kultur Aterpean, Pettiren eta June Galardiren kontzertua.
Etzi, igandea
- 13:00. Santiago plazan, erraldoi eta buruhandi berrien aurkezpena.
- 18:00. Buruhandiak plazatik.
- 19:30. Santiago plazan, txupinazoa eta ikurrinaren igoera Garazi Arregi eta Alain Gomezen eskutik. Ondoren, Lintxua dantza taldearen eskutik Agurra.
- 20:45. Konstantzia banda plazatik elizara. Ondoren, DJ Marikalanbre plazan.
- 21:00. Salbea elizan.
- 22:00. San Joan bezperako aurreskua plazan.
- 22:30. DJ Marikalanbre plazan.
Astelehena, San Joan Eguna
- 10:00. Diana txistulariekin. 11:00. Haur eta gazteen danborrada Meipin hasita. 11:30. San Joan eguneko meza. 17:00. Txokolatada, jolasak, apar festa eta buruhandiak plazan.