Euskal mitologia eta nordikoa, eskutik
Mitologia nordikoa eta Euskal Herrikoa uztartu ditu Urtzi Leonet idazleak bere bigarren lana den 'Harrizko errementariak' liburuan. Trilogia osatzeko hirugarren liburua labean du.
Bigarren liburua aurkeztu du Urtzi Leonet idazle eta irakasle errenteriarrak: Harrizko errementariak. Trilogia baten bigarrena da, 2022an argitaratu zuen Herri margotua liburuaren ondorengoa, eta biak, Itzalen dama eta Patxi Bakallu bildumaren parte dira. Familian ahozkotasunetik jasotakoa dago bi liburuen oinarrian, eta horrekin batera literaturatik eta fantasiazko liburu zaharretatik jasotakoa: «Aiton-amonen etxean izan nuen lehenengoz munduko mitologiaren berri, El mundo de los dioses y los heroes. Leyendas y mitos famosos liburuan. Eta hor izan nuen lehen harremana Thor mitologia nordikoko trumoia eta indarraren jainkoarekin».
Haur garaia liburu artean «galduta» ematen zuela azaldu du Leonetek, eta bertan topatu zuen errenteriarrak Nidhogg, mitologia nordikoko herensugea ere; trilogiaren lehenengo liburuko azalera eraman zuen herensuge hori. Aurkeztu berri duen bigarren liburuan, berriz, mitologia nordikoa lan- du du Leonetek, eta Thor pertsonaiatik abiatuta egingo du bidaia irakurleak. Bere liburuko Thor nolakoa den ere azaldu du idazleak: «Tripazakua, borrokazalea, eta ez du gehiegi pentsatzen. Nire Thor, nahikoa Basajaun da. Uztarketa egin nahi izan dut euskal mitologia, eta mitologia nordikoaren artean, eta gogoeta zabaldu».
Euskal Mitologiako Jaun Zuria era- man du bigarren lanaren azalera Leonetek. «Bizkaiko lehen jaun mitologikoa da eta lotura du bikingoekin; herrialde nordikoetatik heldu zen erbesteratu bat zela diote batzuk, nik hala hartu dut, bikingo gisa». Euskal Herriarekin lotura zuzena duen Bjorn Ragnarsson edo Burdinezko Besok ere lekua du liburuan: «Historiak dio Gartzia Enekoitz I. Nafarroako erregea bahitu zuela, eta 70.000 dinarreko erreskatea eskatu zuela hura askatzeko. Mitologia nordikoa eta euskal mitologia etengabe uztartu ditut nire bigarren lanean. Bikingoek presentzia izan zuten Euskal Herrian, herri indartsua izan ziren, eta omenaldia egin nahi izan diet».
Betaurreko moreak soinean
Bigarren liburua idazterakoan betaurreko moreak jantzi ditu Leonetek. «Lehen liburuaren aurkezpenean entzule batek galdetu zidan Bechdel testaren inguruan —Bechdel/Wallace test gisa ere ezaguna, filmetan eta sorkuntza artistikoetan genero arrakala neurtzeko erabiltzen da—. Horren arabera, gutxienez bi emakume azaldu behar dira, pertsonaia horiek behintzat behin hitz egin behar dute elkarrekin, eta elkarrizketa horren gaiak ez du gizon bat izan behar. Zerrenda ikaragarri luzea dago arau hori betetzen ez duten film eta liburuena». Zer pentsatua eman zion horrek, eta azterketa egin zion bere lehen liburuari Leonetek, «betetzen nuen, hala moduz. Bigarren liburuan oso kontuan hartu dut».
Bigarren liburuan ere, fantasia lehen lerroan, eta Erdialdeko Lurren eta Herri Nordikoen mapen barrena lehenengo liburuko mundua handitzen joan da idazlea, Portutxutik mundura eta mundutik Portutxora, «liburutik liburura mundu bat gorpuzten goaz». Bidean lagun Iñaki G. Holfado ilustratzailea, liburu honetan, aurrekoan bezala, bera da irudien arduraduna, eta hirugarrenean ere ondoan nahi du Leonetek.
Hirugarren liburua, labean
Hirugarren alea zirriborratuta duela, osorik, aitortu du Leonetek: «Lehenengo hiru kapituluak idatziak ditut, baina ez dut hura argitaratzeko data zehatzik». Bigarrena irakurtzeko lehenengoa ez omen da derrigorrez irakurri behar, «komeni da, pertsonaiak ezagutzeko. Baina irakur daiteke lehenengoa irakurri gabe, laburpena baduelako hasieran». Bigarren honetan «akzio handiagoa» eta emakumeen presentzia «nabarmenagoa» duela aipatu du, «oraindik ere lanketa hori beharrezkoa dela uste baitut».
Liburuak jasoko duen erantzunarekin itxaropentsu da idazlea, lehenengoa «arrakastatsua» izan zelako «arrastakatsua» baino, eta hori seinale ona omen, «horregatik etorri da bigarrena, eta bidean da hirugarrena ere». Bere liburua zergatik irakurri behar den galdetuta, azkar erantzun du: «Oso zaila da euskaraz fantasia liburuak aurkitzea, Asel Luzurragaren Inoren mundua ez bada. Nire liburua fantasia da, euskaraz sortua, eta euskal literatura sustatu behar dugu».