Beste bi sari, Legorbururen zakura
Julene Azpeitia sariketan bertso paper atalean garaitu da errenteriarra,eta Errenteriako Udalak antolatutako lehen poesia lehiaketan ere onean izan da bere lana euskarazko sailean.
Iñigo Legorburu Julene Azpeitia lehiaketako saria jasotzen. Literatura genero guztiak urratu ditu, eta den-denetan garaitu da Iñigo Legorburu idazle errenteriarra. Bere sari bildumari, beste bi garaipen batu dizkio hilabete honetan bertan: Julene Azpeitia literatura sarietan onean izan da errenteriarra bertso paper atalean; Errenteriako Udalak antolatutako Poesia Lehiaketaren lehen ekitaldian ere, garaipena Legorbururentzat, euskarazko atalean.
Bertso paper eta poesia sari berri horiekin, 180 sarien langa pasa du errenteriarrak.
Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia sariketan Lagunekin bai, lagunekin… ai! zortzi bertsoz osatutako sortarekin gailendu da. Xabier Amurizaren Ke azpitik, su gainetik doinua aukeratu du: “11 bertso lerrotan, zazpi errima sartzearen zailtasuna dakar berekin. Dena den, oso doinu jolasti eta gustagarria da, kantatzeko aproposa”.
Bertso sorta irabazlean, kuadrillak eta bere barruko botere harremanak izan ditu hizpide errenteriarrak. Irabazita, 300 euroko diru saria, diploma eta bere lana liburu batean argitaratua ikustea irabazi ditu Legorburuk.
Poesian ere abila dela argi utzi du, Errenteriako Udalak antolatutako lehen poesia sariketan gailenduta euskara sailean. Iraganeko bide hutsak lanarekin lortu du saria errenteriarrak: “Poemek ezin zuten orrialde bat baino gehiagoko luzera izan eta memoria historikoaren gaia baliatu nuen, ultra eskuinaren gorakada beldurgarria pairatzen ari den eta hainbeste gerra dauden mundu honetan, iragana gogoratzea beharrezkoa delako”.
Saria, bere poema Eguratsak liburuan argitaratua ikustea, eta bibliotekako liburu sorta bat.
