Sanjoanen lehen txupinazoa, San Juanena
KAE1 Ligako lehen jardunaldian nagusitasun osoa azaldu du 'Erreka' traineruak. ETE Ligari ekin diote Batelerek.
Faboritoen artean zen, baina atzokoan sekulako erakustaldia egin zuen KAE1 Ligako lehen estropadan San Juanek etxean. Erraz irabazi zuen erlojupeko estropada. Beraz, III CMO Valves Bandera bere egin, eta San Joan Festen txupinazoa aurreratu egin zuten Erreka trainerukoek. Neguko test eta prestakuntza estropadetan, nahiz Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan oso maila txukuna erakutsitakoa zen arrosen trainerua; baina atzokoa, konfirmazio bat baino, Eusko Label Ligara igotzeko kanporaketetan sartzeko hautagaitza sendoa izan zen. Sasoia luzea da, baina lehen urratsa oso-oso esanguratsua izan da. Donibaneko San Joan festak hasi ziren atzo, eta gainera, udalerriko erraldoi berriak ere aurkeztu zituzten. Baina lehen txupina San Juanek bota zuen.
Erlojupeko estropadako lehen txandan atera ziren sanjuandarrak. Lehen ziabogatik, aldeko segundoen zaparrada garbia izan zen. Adibidez, txanda horretan bigarren izan zen Zumaiari (sailkapen nagusian ere bigarren izan ziren) 35 segundoko aldea atera zion, 20.37, 21.12ewn kontra. Hirugarren izan zen sailkapen orokorrean Lapurdi (21.19), eta laugarren Santurtzi (21.24). Bidean, gatazka izan zuen San Juanek Hondarribia Brekin, berdeak aurreratzear zirela beharrezko tokia ez zietelakoan utzi epaileen arabera; hondarribiarrak deskalifikatuak izan ziren.
KAE1en hasi bestetik ez dira egin. Baina atzokoa sanjuandarren mahaiaren gaineko kolpea izan zen. ‘Hemen gaude’ esan zuten irmo. Hurrengo bi estropadak Donibane Lohizunen larunbatean (17:30) eta Zumaian igandean (12:00) izango dituzte.
Estropadaren eta ligaren emaitza zehatzak izateko, klik egin esteka honetan.
ETE Liga
Bi urtez Batelerak ontzia lehorrean izan ondoren, ligetako birdebuta egin du asteburuan San Juanen emakumeen ontziak. Gazte-gaztea da eskifaia. Hala, larunbateko ETE Ligako lehen estropadan, Astilleron, seigarren izan ziren, eta atzoko etxekoan bosgarren, XI. Pasaiako Ikurrinan. Antza, Zumaia, Astillero eta Kaiku koska bat goraxeago daude, baina sasoiak aurrera egin ahala ziur eskarmentua hartzen joango direla Batelerak, eta aurtengoan arraunlari askorentzat dena berria den arren, hoberantz egingo dutela. Asteburuko bi estropaden ondoren sailkapen nagusian bosgarren jarri dira Batelerak.
ETE Ligako atzoko estropadan Zumaia izan zen garaile (11.46), Astillero bigarren (11.47), Kaiku hirugarren (11.54), Zarautz laugarren (11.09) eta San Juan bosgarren (12.13). Denbora zehatzak eta sailkapena ikusteko egin klik esteka honetan.
Datozen bi estropadak datorren asteburuan dira, larunbatean Donibane Lohizunen (12:00) eta igandean Zumaian (11:00).
KAE2 Liga
Atzokoa, hirugarren estropada bat jaso zuen Pasaiako badiak, KAE2 Ligakoa, Pasaiako XXXIX. Ikurrina. Hor Castreña izan zen irabazle (22.43), Donostiarra B bigarren (22.52), Astillero hirugarren (22.53), Busturialdea laugarren (23.17), eta Hibaika bosgarren (23.28). Emaitza eta xehetasun guztiak hemen.