Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: Oarso Bidasoko bi partaide, eta lau saio
Herrialdekoan Oarso Bidasoa ordezkatuko dutenak Manu Goiogana eta Alaia Martin izango dira. Saioak Hondarribian, Errenteria-Oreretan, Irunen eta Oiartzunen izango dira.
Gaur aurkeztu dituzte 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren gaineko xehetasunak, Donostian egindako agerraldian, Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen lehendakariak eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak. Irailaren 14an hasiko dira txapelketaren barruko saioak (Urretxun), eta abenduaren 14an jokatuko da finala Donostia Arenan (Illunben). Hiru hilabeteko tarte horretan final-zortzirenetako zazpi saio, final-laurdenetako bost, hiru finalaurreko eta finala bera izango dira. Horietan Oarso Bidasoko bi bertsolarik parte hartuko dute: Manu Goiogana Bengoetxea irundarrak (Gipuzkoa Bertsotan txapelketan lortu zuen herrialdekora izateko eskubidea), eta Alaia Martin Etxebeste oiartzuarrak (2019an lortutako emaitzengatik zuzenean zen herrialdekoan). Aurreko Gipuzkoakoa 2019akoa izan zen, Beñat Gaztelumendik irabazi zuen.
Goioganak final-zortzirenetan ekingo dio herrialdekoari. Irailaren 15ean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean (17:30) hasiko du bidea Irunabar Irungo Bertsozaleen Bilguneko ordezkariak. Harekin batera izango ditu oholtzan Amaia Iturriotz Etxaniz (Urretxu), Aitor Zubikarai Salegi (Itziar), Aner Peritz Manterola (Zarautz), Iñigo Mantzizidor Larrañaga (Zarautz) eta Oier Etxeberria Zubimendi (Azpeitia).
Martinek, berriz, final-laurdenekin hasiko da txapelaren bila, urriaren 19an Eibarko Coliseo antzokian (17:30) egitekoa den saioan. Oiartzuarraren alboan izango dira agertokian Agin Laburu Rezola astigartarra, eta final-zortzirenetatik pasa diren beste lau lagun, betiere puntuazioarekin lotutako ordenarekin: final-zortzirenetako hirugarrena, laugarrena, bederatzigarrena eta hamalaugarrena hain zuzen ere.
Oarso Bidasoko saioak
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak, finala barne, hamasei saio izango ditu. Horietatik lau Oarso Bidasoan. Honakoak:
- Irailaren 28an, 17:30ean, Hondarribiko Itsas Etxean final-zortzirenetako saioa. Partaideak: Ane Beloki Lopez (Legazpi), Aratz Igartzabal Bidegain (Gabiria), Eneritz Artetxe Eizagirre (Azkoitia), Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain), Oier Aizpurua Olaizola (Zarautz) eta Unai Gaztelumendi Arandia (Añorga). Sarrerak erosteko klik egin hemen.
- Urriaren 20an, 17:30ean, Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikan final-laurdenetako saioa. Partaideak: Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga) eta final-zortzirenetatik iritsiko diren beste bost lagun. Sarrerak erosteko klik egin hemen.
- Urriaren 27a, 17:30ean, Irungo Ficobako auditorioan final-laurdenetako saioa Partaideak: Oihana Iguaran Barandiaran (Amasa-Villabona) eta final-zortzirenetatik iritsiko diren beste bost bertsolari. Sarrerak erosteko klik egin hemen.
- Azaroaren 17an, 17:30ean, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Partaideak, final-laudenetako Errenteria-Oreretako saioko irabazlea, Tolosako saioko irabazlea, eta puntuazioaren araberako beste lau kide. Sarrerak erosteko klik egin hemen.
48 bertsolari ariko dira kantuan herrialdekoan. Horietatik 34 bertsolarik udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko hamalau bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten txartela. Horiez gain, hamasei gai-jartzaile eta hamabost epaile eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean. Saio guztietan sei bertsolarik parte hartuko dute, finalean izan ezik, zortzi izango direlako abenduaren 14ko horretan.