Salva enpresakoak, berriz ere kalean
Kaleratzeen kontra eta KPIaren araberako soldata igoera eskatzeko bigarren mobilizazioa egin dute gaur Errenteria-Oreretan.
Borrokaldian dira Lezoko Gaintxurizketako bidean den Salva enpresako langileak. Joan den astean Donostian egin zuten borrokaldi horri lotutako lehen mobilizazioa, eta bigarrena gaur bertan izan da, Errenteria-Oreretako Gamon Zumardian. Lantegiko enpresa batzordeak deitutako elkarretaratzea izan da. Hainbat orduz izan dira herriaren zentroan euren aldarrikapenekin.
Bi eskaera nagusiren arabera ari dira mobilizatzen: batetik enpresak egin asmo dituen kaleratzeen kontra ari dira, eta bestetik, KPIari lotutako soldata igoeraren eske dabiltza.
Gaintxurizketan duen egoitzan labe industrialak egiten ditu Salvak.