Oarsoaldea, aitzindari Kirol Orientazio Zerbitzuetan
Oarsoaldeko udalek urteak daramatzate herritarren artean jarduera fisikoa eta bizitza aktiboa sustatzen. Orain mugarri den proiektu bat abiatu dute, Oarsoaldeko Kirol Orientazio Zerbitzuen koordinazio mahaia eratu baitute. EAEko lehena da.
Oarsoaldeko udalek urteak daramatzate lanean herritarren artean jarduera fisikoa eta bizitza aktiboa sustatzen. Hala, 2016an, eskualdeko lehen Kirol Orientazio Zerbitzua jarri zen martxan, eta, egun, hiru udalek zerbitzu propioa dute. MuittuLezo (Lezo), Oiartzun Abittu (Oiartzun) eta Pasaia Badia Aktiboa (Pasaia) zerbitzuak herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko estrategiapean ari dira lanean.
Kirol Orientazio Zerbitzuen helburuak honakoak direla adierazi dute: herritarren artean bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzea; herritar sedentarioei laguntza eskaintzea haien bizitzan ohitura aktiboak txertatzeko; eta jada aktiboak diren herritarrei aholkularitza ematea aktibotasun maila areagotzeko eta praktika anitz eta egokiagoak proposatzeko.
Zerbitzu horietan, osasun etxeetatik eta errehabilitazio zentroetatik, gizarte zerbitzuetatik eta ikastetxeetatik deribatutako pertsonak edo beren kabuz gerturatutakoak artatzen dituztela jakinarazi dute sustatzaileek. Horrez gain, jarduerak egiteko parte hartze irekia duten taldeak osatzen dituztela nabarmendu dute. Talde horietan, aktibotasuna sustatzeaz gain, harreman sareak ere lantzen eta sortzen direla baietsi dute.
Kirol Orientazio Zerbitzuen “sendotze” prozesu horretan, “mugarri garrantzitsu bat” ezarri dutela jakinarazi dute, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo kirol sailetako arduradun politikoen eskutik Oarsoaldeko Kirol Orientazio Zerbitzuen koordinazio mahaia eratu baita. Koordinazio mahai hori, gainera, Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan osatu den lehena da. “Beste behin, eta herritarren onurari begira, norbere proiektu arrakastatsuetatik abiatuz, eskualdeko udalek duten elkarlanerako kultura eta jarrera eratzailearen adierazgarri dugu erabaki hori”, esan dute.
Koordinazio mahai hori, hortaz, aitzindaria da Euskal Herrian, eta honakoak dira bere helburuak: herrietako orientazio zerbitzuek elkar ezagutzea (informazioa trukatzea, herrietako zerbitzuak hobetze aldera); koordinazioa, lankidetza eta baliabideak partekatzea; eta eskualde mailako proposamenak egitea edo eskaerei erantzutea.