Energia fakturak txikitzen laguntzen du Energia Bulegoak
Oarsoaldeko Energia Bulegoak dei egin die energian "gehiegi" ordaintzen dutela uste duten herritarrei. Asteartetik ostiralera Errenteria-Oreretan artatzen dituzte herritarrak; astelehenetan, Oiartzunen.
Oarsoaldea Garapen Agentziako Energia Bulegoak energiaren fakturak txikitzen laguntzen die eskualdeko herritarrei. Urtea hasi zenetik, adibidez, argindar kontsumoan batez beste hilean 29 euro aurrezten lagundu diete artatutako pertsonei. Gas kontsumoan, aldiz, pertsona bakoitzari urtean batez beste 420 euro aurrezten lagundu diotela estimatu du Energia Bulegoak.
Energian “gehiegi” ordaintzen dutela uste duten herritarrei Energia Bulegora gerturatzeko deia luzatu diete. “Dirua aurrezten lagunduko dizugu”, esan dute. Energia Bulegoak asteartetik ostiralera Errenteria-Oreretako Olibet auzoko bulegoan artatzen ditu herritarrak; astelehenean, aldiz, Oiartzungo Mendiburu kalean ematen du arreta. Hitzordua 943 34 41 60 telefonora deituta edo helbide elektroniko bidez eskatu daiteke.