Kolore denen neurrira nahi dute mundua
Ahalduntze ariketa egin behar dute egunero diren moduan kalera ateratzeko, arau zurrunegiak ezartzen dizkien jendarteari erronka jota. Helburu bat eta bakarra: aske bizitzea erabakitzen duten gorputz eta identitatearekin.
LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna. Ortzadar banderez beteko dituzte kaleak dozenaka eta dozenaka lagunek aurten ere, baina kolore biziekin batera, batez ere, aldarrikapenek josiko dute eguna. Aurrera urratsak egin dira, ukaezina da, baina egunero aurre egin behar izaten diote queer kolektiboko pertsonek heteroarauak oinarri dituen gizarteari, gorroto delituak eta LGTBIfobia desagertzetik oso urrun diren agertoki betean, diren hori izateko borroka etengabean.
Errenteria-Oreretan bizi da Mash Elizalde Etxeberria. Gaurko eguna ospatuko du, zalantzarik gabe. Baina batez ere aldarrikapenerako eguna izango da gaurkoa beretzat: «Hemen gaudela, beti egon garela, eta beti egongo garela aldarrikatu behar dugu. Gaurkoa gure kolektiboa ikusarazteko eguna da, zer bizi dugun eta gure aurretik izan zirenek bizi zutena erakusteko; garenak garelako aldarrikapena egin behar dugu». Hori aurkia; ifrentzua, berriz, jaia, argi baitu biak osagarriak direla, «garena garela ere ospatu behar dugu, baita lortu dugun guztia ere, ahaztu gabe bidean gelditu direnak».
Loratuz Lotu elkartearen sortzailea izan zen 2019an Brayan Altimasberes Alaminosekin batera. Trans helduei ematen die arta elkarteak: «Trantsizioa heldutasunean egin genuen eta ohartu ginen ez zela erreferenterik ezta nora jo ere laguntza bila, horregatik erabaki genuen elkartea sortzea». Elizaldek ez du transfobia handirik sentitu, «egon badago, baina nahiko babestua sentitzen naiz». Transfobiaren oinarrian ezjakintasuna dagoela azaldu du, konbentzituta.
Ahaldunduta dagoela dio, eta horretara heltzeko lan mordoa egin duela. «Urte dezenteko lanketa pertsonala izan da, nitaz ari direnean ez eragiteko. Naizena naiz, horrekin gelditzen naiz, zurrumurruek ez naute definitzen». Egindako trantsizioan oztoporik handiena «burokrazia» izan dela zehaztu du: «Hainbat unetan lotsagarria ere izan da. Nortasun agirian izena eta generoa aldatzeko egin beharreko bidea arrotza eta deserosoa izan da, nahiz eta oso ondo zaindu nauten».
Norbere gorputza eta norbere izaera bat ez datozela jabetzeko unea «gogorra» dela dio, «garrantzitsua da babesa jasotzea», baina etxekoena ez dela ezinbestekoa ere argi dio. Berak ez zuen etxekoen akonpainamendurik izan hasieran, eta errespetu osoz esan du haiek ere behar dutela denbora barneratzeko gertatzen ari dena: «Guk gure barne trantsizioa egiten dugu eta prest gaude esateko, baina informazio hori jasotzen dutenean etxekoek, eta ingurukoek, euren denbora behar dute prozesatzeko. Ez da ez gaituztela maite, edo ez gaituztela lagunduko; denbora behar dute. Gurasoek urte pare bat behar izan zuten. Babes handiena lagunek eta nik aukeratu dudan familiak eman didate. Gauza bat da familia, eta bestea, babesa. Elkarrekin badoaz, primeran; ez badoaz, lasai, aurkituko duzu beste sare bat».
Tolerantzia versus erradikalizazioa
Jendarteari begira jarrita gaur egun tolerantzia handiagoa dagoela uste du, baita LGTBI+ kolektiboaren kontrakoen erradikalizazio bat izan dela. Argi dio, gainera, heziketan hutsune handia dagoela. «Ikastetxeetan oso modu orokorrean, azaletik lantzen da gaia, identitate eta sexualitate bakoitzaren atzean zer dagoen sakondu gabe». Horri lotuta, aurrera urratsak egiteko hainbat gako eman ditu. Hartara, ezinbestekoa jo du sareak sortu eta daudenak indartzea, «indarrak batzeko unea da». Autokritika ere ezinbesteko jo du, bai kolektiboaren gainekoa osotasunean, zein trans kolektiboaren gainekoa ere: «Genero estereotipoak erreproduzitzeko jarrera indarra hartzen ari da, eta ikusi izan dut askotan, tamalez gizon trans gazteak matxoarenak egiten. Horren aurrean garrantzitsua da autokritika egitea, nora heldu nahi dugun, ea benetan nahi dugun jarraitu erreproduzitzen dugun sistema bitar eta matxista».
Eskuinaren gorakadak ez duela harritu dio. «Askatasun gehiago dagoenean, aniztasun handiagoa, pribilegioak kolokan ikusten dituzte batzuk eta beldur soziala sortzen dute». Gorakada horren ondorioak argi ditu Elizaldek: «Lortutako guztia jokoan jartzea eta berriro beldurrez bizitzea ekartzen du. Trans pertsona gisa urte batzuetako ibilbidea soinean izanik beldurra atzean utzi nuela pentsatzen nuen, aske bizitzeko aukera nuela, ezkutatzeko beharrik ez nuela. Beldurgarria da eskuinak halako indarra hartzea, garen moduan izateari uzten diogulako, eta horrek barne oinaze handia suposatzen du». Horren aurrean, sareak sortzera deitu du, elkartzera, eta inondik inora ere ez onartzea irabazitako guztian atzera egiterik.
Eta ultraeskuinaren pare jarri ditu TERFak, feminista erradikal trans-baztertzaileak —emakume transexualak emakumetzat hartzen ez dituen eta beraz, feminismotik kanpo uztearen aldeko den muturreko feminismoa—, «bien mezuak oso antzekoak dira, ultraeskuina baino arriskutsuagoa da hori, suposatzen delako etxetik ari direla erasoan». Horren gaineko kritika ere beharrezkoa dela uste du, «feminismoari dagokio egitea».
Isilpeko indarkeria
Gorka Iparragirre irundarrak oso modu berezian biziko du aurtengo LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna: «Harrotasuna eta San Martzial Jaiak espazio eta momentu berean biziko ditugu lehenengoz, inoiz ez da ospatu 28an bertan, beti ukatu zaigu eguna. Matxismo oso bortitzez eta homofobia handiz tindatuta daude festak gurean». Lumak Haize Irungo lehen LGTBIAQ+ elkarteko kide da Iparragirre, eta ahoan bilorik gabe esan du LGTBIfobia handia dagoela. Ñabardura bat ere egin du, eta lehen lerroan jarri isilpekoa deitu duen beste indarkeria mota: «Ezkutuko indarkeria da hori, oso egunerokoa, eta hor bizi gara kolektiboko kideak. Iritsi da momentu bat kolektiboko kide askok ezin duguna jasan marikon, bollera edo bigotuda hitzak entzutea».
Aurrean dituzten erronka behin-behinekoei ere egin die aipamena irundarrak, «konpromisoa eta gizartearen parte hartzea». Horrekin lotuta dago hain zuzen ere kide den elkartearen helburuetako bat. «Irunen faltan sumatzen dugun komunitateari ikusgarritasuna ematea; batak bestea begiratu, hemen gaude esan, ez gara bakarrak, eta leku eta espazio bat nahi dugu hemen». Aldarrikapena erdigunean jarri du elkarteak, baita kultura eta hezkuntza ere, «gure konfort eremutik atera eta guretzako bizigarriago den Irun bat egin nahi dugu».
Elizaldek botatako ideiarekin bat egin du Iparragirrek. Nabarmendu du gazteen artean oso jarrera polarizatuak daudela, «gaurko jendartearen isla dira haiek ere». Hezkuntzan ere ideia bera irundarrak, LGTBI+ komunitatearen gaineko lanketa ezdeusa dela: «Oso gutxi lantzen da, eta lantzeko moduak ere hausnarketa behar duela sinistuta nago. Sexologoa naiz, genero ikuspegiarekin, eta oraindik ere duela 20 urteko hutsuneak ikusten ditut, ez soilik LGTBI+ komunitatearen lanketaren gainean, baizik eta sexologia eta afektuen gaineko lanketa osoan. Denbora gehiago eskaini beharko litzaioke, bizitza osoko ikasketa prozesua behar luke, transbertsala». Mantso bada ere, aurrera urratsak egin direla uste du.
Aliatuen beharra
Oarsoaldeko herriak, Irun eta Hondarribia oro har leku seguruak iruditzen zaizkio Iparragirreri. «Kolektiboak ikasi du nondik mugitu eta nondik ez. Nik badakit inguruetara egokitzen, agian leku batzuetan modu batean jantziko naiz, eta beste modu batean beste batzuetan. Ez dut une larririk bizi, lekuaren arabera nire jarrera egokitu dudalako. Aitortu behar da, beraz, segun zein espaziotan alerta jarri behar dugula».
Eskuinaren gorakadak beldurra eragiten dionik ez du ukatu. «Gure aurrekoek irabazitako guztia galtzeko beldur hori dugu, eta batez ere dezepzioa. Eskuina gora doa indartsu, eta neurri batean da ezkerrekoak ez garelako inplikatzen, ez ditugulako gure arreben arazoak begiratzen eta gure egiten. Kolokan daude eskubideak eta segurtasuna». Aurrera urratsak egiteko gakoak argi ditu Iparragirrek: «Komunitate gisa borrokatzen jarraitzea dagokigu, atzera pausorik ez ematea, eta aliatuak izatea, segurtasuna denon kontua delako; ahalik eta jende gehien batu behar dugu gure borrokara. Gizarteak agian urrun ikusten gaitu, baina oso gertu gaude eta parte gara, gurea, guztion borroka da. LGTBI+ kolektibokoa eta emakume izan gabe ere, denok bizi dugu opresioa, modu batera edo bestera. Pribilegio zis hetero horretan oso pertsona gutxi dago».
Iragana eta oraina
Ikerlariak eta queer kolektiboko kideak dira Uxue Diez-Guiral eta Aitor Narbarte Alvarez, Errenteria-Oreretan bizi dira biak. Ane Fernandez Trigo eta Maite Azabal Gallego ikerlariekin batera Kuir Artxibo Bizia proiektuaren barruan Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ Memoria Kolektiboa bildu dute Koldo Mitxelena beka irabazita. Lana bukatu berri dute, eta 600 pertsona inguru galdekatu dituzte memoria hori gorpuzteko, iraganari eta orainari tartea eskainita, etorkizunari begira jartzeko. Abenduan aurkeztuko dute. Oarsoaldean LGTBI+ komunitatearen argazkia zein den galdetuta esaldi batera bildu dute: «Egin dugu, baina asko dago egiteko. Elkarrizketatuek hala esan digute. Argi-ilun batzuk badaude, batez ere bildu eta seguru sentitzeko topagunerik ez dagoelako kolektiboarentzat». Harago jo dute, dauden gutxi batzuk pribatuak dira, «tabernaren bat, eta ez da queer taberna delako».
Sare sozialei ere erreferentzia egin die Diez-Guiralek, horietan ere lekurik ez duelako LGTBI+ komunitateak. «Orain badugu jendea lanean sare sozialetan Oreretan, Jokin Pedreño kasu. Sare sozialak ari dira euskalduntzen eta espazio bat ematen LGTBI+ komunitateari. Oso gutxi dago, ordea». Euskara erdigunean jarri dute ikerlariek. «Hori zen lanaren helburuetako bat. Egin ditugun elkarrizketetan gaztelania oso presente zegoela ohartu gara. Gutxika, espazio gehiago ematen saiatzen ari gara euskarari eta gure identitateez eta errealitateez pentsatzen gure hizkuntzan». Euskarazko LGTBI+ terminologia sortzeko beharra ere erdigunean jarri dute: «Euskaraz berez izan dira eta badira terminoak, baina ez dira guregana heldu edo itzaletan gelditu dira. Gay hiztegia argitaratu zuten, eta orain Mari okerrak nola izan/esan bollera euskaraz. Behar-beharrezkoak dira halakoak, eta badirenak berreskuratu, adibidez Oarsoaldean erabiltzen zen kuku hitza».
Narbarterentzat «polita» izan da deskubritzea izan direla historian zehar hitz batzuk euskaraz errealitate hauek izendatzeko. Testuetan ere aldarrikatu du espazio bat Diez-Guiralek LGTBI+ gaientzat.
Gaur-gaurkoz queer komunitateak aurez aurre duen oztoporik nagusienetakoa zisheteronorma da Narbarterentzat, «oso baldintzatuta gaude gizarte honengatik, oso parametro zurrunak daude eta hortik desbideratzen garen unean dagoeneko ari gara indarkeria jasaten». Ñabardura Diez-Guiralek: «LGTBI+ kolektibo guztiari eragiten digu, baina ez maila berean, batzuentzat ezinegona suposatuko du, eta beste batentzat kaletik jipoitzea edo kalean hilda agertzea. Hori hemen. Zisheteroarauak denoi eragiten digu, baina batzuei gehiago». Heziketari ere eman diote begirada, eta ondorioa bera: diskurtso polarizatuak, mindutako jendea, eta erresistentzia ugari aurkitu dituzte. Lanketa falta ere aipatu dute aurreko bien antzera.
Erreferente kolektiboen beharra
Beharren artean, berriz, erreferenteak. Ez edonolakoak, «kolektiboak» baizik, «kolektibizazioa beharrezkoa da, zama partekatzeko ere». Kaleak konkistatzea eta desheteroxesualizatzea, presazko beste egiteko bat. «LGTBI+ komunitatearen presentzia sustatu behar da kalean, ikusgarritasuna eman, eta queer ikurrekin ordezkatu egun dauden ikur heterosexualak». Ikusgarritasunarena zaila dela aitortu du Diez-Guiralek: «Oso zaila da, eta ez da berdina trans pertsona, bi-a izatea edo normatiboago bat, mainstream bat. Etiketa bakoitzaren barruan zapore asko daude. Zaila da denentzat, baina batzuentzat are zailagoa da Oreretan eta Oarsoaldean bizitzea identitate batzuekin».
Sarea «ezinbestekoa» jo du Narbartek. «Zaren bezala izateko sare bat behar duzu, babesteko. Bestela oso bakarrik senti zaitezke». Bat dator Diez-Guiral: «Erortzen zarenean leku seguru batean erori behar zara. Baina sare horiek oso ahulak dira oraindik. Hausnartu beharreko kontua da».
Eskuinari aurre egin behar zaion zalantzarik ez dute, eta horretarako gakoa helburu komunak argi izatea dela diote. «Guri pertsonen bizitzak inporta zaizkigu. Oinarri horrekin bat egiten dugunok aurrera egin dezakegu zaintza eta enpatiatik».
LGTBI+ kolektiboaren amets bat aukeratzeko eskatuta erantzun ezin argigarriagoa eman du Diez-Guiralek: «Amets bat definitzea ezinezkoa zaio amestea galarazi zaion kolektibo bati. Gure kolektiboari etorkizuna ukatu zaio. Gure helburua zein den ongi definitzea izan daiteke amesten hasteko bidea; zaintza eta maitasunetik oinarria jartzea».