Heldu da handienekin lehiatzeko unea
Eusko Label Ligako bidea asteburuan hasiko du San Pedrok Galizian. Ilusioz gainezka daude, lehen paladatik borrokarako prest.

2019an izan zen azkenekoz San Pedro Eusko Label Ligan, maila galdu zuen orduko hartan. Iazko sasoi ahaztezinaren ondoren, maila berreskuratu eta onenekin lehiatzen hasteko unea iritsi zaie Libia ontziko arraunlariei. Bihar hasiko da Eusko Label Liga Galizian. Historiaz eta garaipenez betetako kluba da Sanpedrotarra Arraun Elkartea. Orain, txikitik hasita, gauza handiak egitea dagokio, handienekin.
Bihar (larunbata) Coruñan (18:20) eta etzi Bueun (12:20). Horiek sanpedrotarrak jai girotik atera, eta telebistara begira jarriko dituzten hitzorduak. Lehen txandan aterako da San Pedro, Hondarribia, Kaiku eta Isuntzarekin; ligako borrokan alboan izan ditzakeen bi erreferentzia izango dituzte alboan moreek, Kaiku eta Isuntza, litekeena baita bi horiek, San Pedrorekin batera, Eusko Labeleko sailkapenaren erditik beherako postuetan borrokatu behar izatea sasoian zehar. Baina ezer aurreratu baino lehenago, itsasoak esan dezala, asteburu honetatik hasita, zein izango diren Libia-ren aukerak eta eginbeharrak 2024ko liga nagusian.
Joan den larunbatean egin zuen Sanpedrotarra Arraun Elkarteak traineruaren, nahiz harrobiko taldeen aurkezpena. Han, klubaren presidente Xabier Isasak esan zuen “ilusioarekin” daudela. Asteburu onak eta txarrak izango dituztela, baina lehiatzeko eta ikasteko prest daudela. Hori ziur ez dela faltako: lehen palakadatik, nortasuna eta grina azalduko dute sanpedrotarrek.
Uztailaren 5ean arraun sasoiari buruzko zenbaki berezia publikatuko du OARSO BIDASOKO HITZAk papereko edizioan. Bertan, San Pedroren helburu zehatzak, arraunlarien zerrenda, estropaden egutegia, eta bestelako asko ezagutzeko aukera izanen dute HITZAren harpidedunek.